Lazkaoko baserritar ekoizleen gida osatu dute, kontsumoa indartzeko
Lehen sektorea gizarteratzeko, herrian sortzen diren janarien eta ekoizleen gida da. Arerian aurkeztuko dute gaur, 'Bideak' filma emateaz batera. Martxoan, kontsumo-bonuak aterako dituzte
Lazkaoko lehen sektoreko abeltzainen eta nekazarien produktuak erakusteko, Baserritar Ekoizleen Gida argitaratu du udalak. Irailean hasitako ekimena gauzatu du horrela, koronabirusaren izurriteagatik bestelako merkaturatze aukerak ezeztatu izanaren ordain gisa.
Gida gaur aurkeztuko dute, Areria antzokian, 19:00etan. Sarrera doan da, baina edukiera kontuengatik, gonbidapena aurrez lazkao.eus webgunean hartu behar da. Ekitaldi berean, Bideak dokumentala emango dute, Xabier Unanuak zuzendua eta Aritz Ganboa arruatzuarrak idatzia eta gauzatua.
Baserritar ekoizleen gidarekin, bertako produktuak ikusarazi, sektorea indartu eta kontsumoa bultzatu nahi dute. Udalaren 2019-2023 legealdi planean jasotako ekimena, COVID-19aren egoerak azkartu duela aitortu du udalak.
Etxeetara banatuko da
Papereko gida etxe guztietara banatuko dute, gaur aurkeztu ondoren. Udaletxean eta eraikin publikoetan ere hartu ahal izango da, doan. Bertsio digitala ere kontsultatu ahalko da udal webgunean.
Zortzi ekoizleren bilduma da lehenbiziko gida. Bakoitzaren informazioa ematen du, daukan produktu aukera, erosteko tokiak eta ordutegiak, nahiz kontaktuak erantsita.
Martxoan, bonuak
Beste ekimen bat ere iragarri dute, lehen sektoreko ekoizleen produktuak sustatzeko. Arlo horretako janari-edarientzat kontsumo-bonuak aterako dituzte, lehen merkataritzan edo ostalaritzan egin izan den bezala.
«Pandemiaren ondorioz, San Migeletako feria ezin izan zen egin, eta horren aurrean, ekoizleen lana merkaturatzeko bide berrien bila hasi ginen. Aukeretako bat zen herriko kontsumo bonuen ideia baserritar ekoizleen alorrera ekarri eta bonu berezi batzuk kaleratzea. Egoki ikusi zen, eta baserritarrekin batera adostu da bonuak kaleratzeko unea, uzta eta ekoizpena tarteko», azaldu du udalak.
Bonuen xehetasun gehiago ez dute eman. Ekoizleen gida, hain zuzen, aurretiko pauso modura egin dute: «Bonuak erabili ahal izateko ezinbesteko da ekoizleak ezagutzea. Horretarako da gida, lazkaotarrak jakiteko bertako produktua non daukan eskura».