“Mugimendua da bizitza, osasuna eta ongizatea; hori gabe ez dago ezer”
Eusko Jaurlaritzaren Hobekuntza Teknikorako Zentroan lan egiten du Aitor Alberdi zumarragarrak, Basque Team fundazioko kirolariekin. Lehiatzea gustuko izan duen kirolari bat ere bada
Ariane Vierbücher
Prestatzaile fisikoa da Aitor Alberdi (Zumarraga, 1982), eta goi mailako kirolariekin ari da lanean azken hamarkadan. Koronabirusaren ondorioz deitutako etxealdiak kirolariengan eragin nabarmena izan duela azaldu du prestatzaileak; herritarrei, berriz, mugimendurako deia egin die: “Gaitza eragiten du mugimendu faltak”.
Eusko Jaurlaritzaren Hobekuntza Teknikorako Zentroan lan egiten duzu, Getxon (Bizkaia). Basque Team fundazioko kirolariekin aritzen zara lanean. Nondik nora ibili zara aurretik?
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak egin nituen, Gasteizen. Praktikak, berriz, gaur egun lanean ari naizen tokian egin nituen. Kirol errendimendura bideratu nituen nire ikasketak, eta Espainiako Olinpiar Batzordeak antolatzen duen Goi Mailako Errendimenduko masterra ere egin nuen gero, Madrilen.
Lan munduan, Ordiziako kiroldegian igeriketako ikastaroak ematen hasi nintzen. Ondoren, Athlon enpresarekin, ikerketa baterako datu bilketa bat egin nuen, gaur egun lan egiten dudan zentroarentzat. Handik, eta haien eskutik, Eskoriatzako Huheziko fakultatean Irakasle Eskolako Heziketa Fisikoko eskolak ematera iritsi nintzen. Gaur egun daukadan lanposturako oposizioak atera ziren orduan, gainditu nituen, lan poltsan sartu nintzen, eta hantxe ari naiz lanean deitu zidatenetik.
Zer lan egiten duzu egunerokoan?
Eusko Jaurlaritzako langileak gara gu, eta erakunde horri dagokio goi mailako kirolaren esparrua. Bi gunetan banatuta dago esparru hori: Gasteizen dago bat, arlo administratiboaz arduratzen dena, gehienbat; eta Getxon bestea, kirolariengandik eta kirol sistematik gertuago dagoena. Getxoko egoitza da gure ardura nagusia. Goi mailako kirolaren ezagutzaren kudeaketa egiten dugu han; nolabait esateko, laguntza sistema aberastu edo informazio bat ematen dugu laguntza sistema hori bideratzeko eta eraginkorra izateko. Eta gauza zehatzetara joanda, bai kirolariei, bai entrenatzaileei eta kirol proiektuei laguntza teknikoa eskaintzen diegu, euren prozesuak hobetzen saiatzeko. Gure esparrua lehiaketa dela kontuan hartuta, helburu nagusia da lehiaketa horietan ahalik eta emaitzarik onenak lortzea.
Nola egiten duzue lan?
Saiatzen gara hasieran azterketa edo analisi bat egiten, ikusteko benetan zeintzuk diren kirolariaren beharrak; behar horiek asetzen saiatzen gara gero. Batzuetan, entrenamenduak planifikatzen edo nola antolatu zehazteko ideiak ematen aritzen gara. Beste batzuetan, berriz, balorazio fisiko oso zehatza egiten diegu kirolariei. Eta, elikadurari dagokionez, arau orokor batzuk ematen dizkiegu; entrenamendu fase bakoitzean zer jan behar duten, zer edan… Hori guztia modu zehatzean antolatzea da kontua. Oso zabala izan daiteke lanerako esparrua. Zerbitzu tekniko bat, teknologiko bat eta medikuntza arloko bat dauzkagu, eta kirolariaren errendimendua hobetzea da erronka, kasu zehatz bakoitza aztertuta eta modu oso pertsonalizatuan lan eginda.
Proiektu ugaritan aritu zara lanean, kirolari askorekin. Nabarmenduko al zenuke baten bat?
Bere behar zehatzekin, erronka moduko bat da kasu bakoitza. Batzuetan, txinparta bat da; eta, beste batzuetan, egunero-egunero egon beharra dago gainean emaitzak ikusteko. Hori bai, argi utzi beharra dago esparru honetan gu saiatzen garela laguntzen, baina laguntza horrek beti ez dituela ondorio positiboak izaten. Guk lana, ahalegina eta denbora eskaintzen ditugu, helburu batzuk eta errendimendu jakin bat lortzen saiatzeko, baina batzuetan, ez dugu lortzen.
Kirolariak izan ditzakeen gorabeherengatik gertatzen da hori?
Ez horregatik bakarrik. Goi mailako kirolarien artean, errendimenduaren esparruan oso bortitza izaten da lehiaketa, eta denek egiten dute prestaketa lan hori. Lehiakortasun maila hain handia izanda, norberak gauzak oso ondo egin arren eta oso ondo lehiatu arren, baliteke beste kirolari batek errendimendu hobea izatea. Emaitza jakin bat baldin bada helburua, litekeena da emaitza hori ez lortzea, eta, alde horretatik, egindako lanari etekinik ez ateratzea.
Zein kirolarirekin ari zara lanean orain?
Oro har, erresistentzia handiko kirolariekin egiten dut lan: txirrindulariekin, triatletekin eta mendi lasterkariekin. Dena den, kirolari batzuek hainbat teknikariren arteko elkarlana behar izaten dute entrenatzeko. Momentu honetan, hainbat proiekturekin ari gara lanean; nuklearra da horietako bat, surfeko proiektu bat. Arraunlariekin ere gara, piraguistekin…
COVID-19aren eraginez hartu dituzten neurriek zer eragin izan dute goi mailako kirolarien artean?
Kirol sistemak asko sufritu du. Lehiaketa asko bertan behera gelditu dira, eta entrenamendu prozesu guztia baldintzatzen du lehiaketarik ezak. Urte gogorra izaten ari da alde horretatik. Helbururik gabe, kirolariek entrenatzeko motibazioa eta exijentzia galtzen dituzte, eta horrelakoetan, garrantzitsua da motibazioari eta exijentzia mailari eusten saiatzea. Eta, horrez gain, baita egoera berrira egokitzeko proposamenak egitea ere.
Lehiaketa gutxirekin, urrun dago normaltasuna.
Ziurgabetasun izugarrian dago oraindik ere kirol sistema guztia. Gure esparruan, goi mailako kirol ez profesionalean, Olinpiar Jokoak izaten dira beti erreferente. Iaz, atzeratu egin zituzten Tokion egitekoak ziren jokoak, eta aurtengo uztailean eta abuztuan dira egitekoak. Erantzunak baino galdera gehiago daude, ordea.
Dibulgazioaz ere arduratzen zara, Youtuben, eskoletako hitzaldien bidez… Zertan ibiltzen zara gusturago?
Bietan! Kirolariekin zuzenean jardutearekin, prozesu horrekin, identifikatuta sentitzen naiz. Emozioa eta ilusioa pizten dizkit. Beste maila batzuetan, baina lehian ibilitakoa naiz ni ere, eta, neurri batean, aspaldi alboratu nituen sentsazio, helburu eta bizipen haietara gerturatzen nau nire lanak.Dibulgazioa, berriz, guztiz beharrezkoa dela uste dut, eta barrena pizten dit, gainera. Kirolariekin lan egiten dugu, kirolariekin esperimentatzen dugu, bizipen batzuk edukitzen ditugu, eta uste dut aberasgarria dela esperientziak trukatzea, eta gizarteratzea. Erakunde publiko bat garen neurrian, funtsezkoa da sozializazio lana.
Kirolari zinenekoa ekarri duzu gogora. Txirrindularia eta triatleta izan zara, eta oso maila onean aritu izan zara. Ironman proban ere parte hartu izan duzu…
Azkar iritsi zitzaidan erretiroa, 30 urte inguru nituenean utzi bainion lehiatzeari. Nire muturreko espresio gisa ulertu izan dut lehiaketa, nire barne adierazpen bat bezala. Gustatu izan zait lehiatzea, nire mugak non zeuden ikusteko, lehiakortasuna bizitzeko… eta, horrez gain, mundu bat neukan hor; lagunak, bizitzeko estilo bat… Gauza asko eman dizkit lehiaketak!
Baina honaino ekarri nau bizitzak, familia ere osatu nuen, eta momentu batean beste aldean kokatu ninduen prestatzaile fisiko lanak. Lehiaketetan jarraitzen dut, baina beste rol batekin.
Zure lanerako laguntza gehigarria al da esperientzia hori?
Ezagutza lortzen da esperimentazioarekin, eta nire esperientziak lagundu egiten dit kirolariekin komunikazioa hobetzen eta enpatia hori izaten. Baina horrekin ez dut esan nahi lehian aritu ez den prestatzaile batek bere lana ondo egingo ez duenik.
Nor izan da zure prestatzailea?
Bat eta bakarra izan dut: Ramon Elkoro. Ordiziako txirrindularitza taldean ibili nintzenean ezagutu nuen. Baina, nire bizitza nolakoa zen kontuan hartuta, autogestioa aplikatu nuen une jakin batera iritsita; ni neu izan naiz neure buruaren entrenatzailea. Orain dakidanarekin, atzera eginda, gauzak beste modu batean planteatuko nituzkeen, ziurrenik, baina gustura eta harro nago egin nuenarekin.
Besteekin edo zeure buruarekin zara gogorragoa?
Oso autoexijentzia maila altuko pertsona naiz. Bitxikeria moduan konta dezaket aurreko batean lagun batek deitu zidala, ikastaro batean hitz egin ziotelako pertsona lehiakor eta exijenteen inguruan, eta, antza, lagun honi nire irudia etorri zitzaion burura. Bietatik zer ote nintzen gehiago pentsatzen aritu omen zen. “Ni exijentea naiz”, esan nion.
Kirolariekin ere exijentea izaten naiz, prozesuak eskatzen duen neurrian, betiere. Hau da, goi mailako kirolariekin lan egiten dugun momentutik, eta helburu nagusia emaitza bat denean, %100ekoa izan beharra dauka exijentzia mailak. Maila edo helburua aldatzen dugunean, aldaketa horrek berak markatzen ditu exijentzia, harremanak eta helburuak. Ez da gauza bera mundu mailako lasterketa batean lehenengo hamarren artean egon nahi izatea edo herri lasterketa batean lehenengo hamarren artean egotea. Beraz, helburuak dira exijenteak.
Argi dago oso serio hartzen duzula zure lana, eta gozatu egiten duzula, gainera.
Nire pasioa da, nire bizitza. Berdin disfrutatzen dut nazioarte mailako lehiaketa baterako errendimendu prozesu batekin eta jarduera fisikoa egiten ez zuen lagun bat paseatzen ikustearekin. Eguneroko lanean esklusibotasuna dut, eta argi dago nire lan esparrua zein den. Baina gertatu izan zait herrian bertan baten bat gerturatzea, eta bere ilusioa egunen batean maratoia hiru ordutik behera amaitzea dela esatea. Plan bat eginda, profesional askok entrenatzen ez duten bezala entrenatu zuen herritar horrek, eta izugarria da hori.
Goi mailatik jaitsita, ariketa fisikoa aipatuz gero…
Argia da erantzuna: mugimendua da bizitza, osasuna eta ongizatea; hori gabe ez dago ezer! Mugimendurako diseinatuta dago gure gorputza, eta ez zentzu fisiologikoan bakarrik. Mugimendua behar du gure gorputzak.
Etxealdiarekin, udal askok herritarrei ariketa fisikoa gerturatzeko pausoak eman zituzten.
Gizartean erantzukizun bat dute udalek. Uste dut mugimenduak txertatuta egon beharko lukeela bizitzako etapa guztietan. Eskolan, neurri batean, derrigorrezkoa da. Gorputz hezkuntzan adituek aholkatzen dute umeek, gutxienez, egunero bi ordu igaro beharko lituzketela mugimenduarekin lotutako jardueretan. Beraz, guztiz beharrezkoa da kontzientziazio lana egitea eta aukera hori bermatzea.
Eta bizitzako beste etapetan ere guztiz beharrezkoa da mugimendurako aukera egotea eta nolabait bultzatzea, mugimendu faltak gaitza eragiten baitu; gaitzetatik errekuperatzeko oso sendabide baliagarria da mugimendua, kasuan-kasuan aztertuz, betiere.
Azkenaldian, mendira joateko joera ugaritu egin da. Gomendiorik emango al zenuke?
Krisi momentu batean, neurri batean, baldintzek behartuta jo dugu mendira, galdu dugun horren bila edo. Jarduera fisikoa egitea gomendatzen da, eta ingurune naturaletan egiten bada, hobeto! Baina jarduera aerobiko hori indar entrenamenduekin osatu beharko litzateke. Lanketa hori meditazioarekin edo yogarekin borobildu daiteke. Hirurak txertatzea da onena.