Udalerritik ezingo da atera, eremu gorrian egon ala ez
Gehienez ere lau pertsonako bilerak egin ahalko dira, baina etxeratze ordua ez dute aurreratu. Arauak bihar argitaratuko dira eta astelehenean sartuko dira indarrean

Eusko Jaurlaritzak neurriak zorroztea erabaki du eta udalerri guztien itxiera perimetrala ezarri du, eremu gorrian egon ala ez. Bilerak ere txikitu egin ditu, lau pertsonetara, eremu irekietan eta itxietan. Neurri berrien helburuak “mugikortasuna are gehiago mugatzea” eta “ohiko bizikidetza burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze uhina murriztea” dira, Gotzone Sagarduik Osasun Sailburuak azaldu duenez. Biharko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko dituzte xehetasunak eta astelehenean sartuko dira indarrean.
Orain arteko gainerako neurriak bere horretan mantenduko dira. Hala, merkataritza eta kultura jardueren gehienezko amaiera orduak 21:00etan jarraituko du. Eremu gorrian dauden herrietan ostalaritzak eta apustu etxeek itxita jarraituko dute eta taldekako kirol jarduerak bertan behera egongo dira. Zerrenda astelehenetan eta ostegunetan berrituko dute.
Etxeratze agindua ez dute aurreratu, nahiz eta Gotzone Sagarduik Osasun Sailburuak aitortu duen Jaurlaritzak hala nahi zuela. “Aukera bat galdu da”, atsekabetu da. “Egiaztatu ahal izan dugu neurri horrek emaitza onak izan dituela hartu den Frantziako Departamentuetan”. 22:00etarako denek etxean egon beharko dute eta 21:00etarako establezimendu guztiek itxita egon beharko dute. Ostalaritzakoek, 20:00etarako.
“Goranzko joera”
Sailburuaren arabera, egoera epidemiologikoa “oso kezkagarria” da. “Euskadi, bosteko eskala batean, Transmisio Altuko bosgarren mailan kokatzen da, eta Intzidentziaren adierazleetan, laugarren mailan”. Halere, mezu baikorra bidali nahi izan du: “Ekainean eta abenduan baino okerrago gaude, baina martxoan eta azaroan baino hobeto”. Erne egoteko ere eskatu du: “Goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena”.
Goierriko intzidentzia tasa 419 gaixokoa da, urtea hasi zenetik altuera. Beasain eta Zumarraga eremu gorrian daude eta gainerako herri handi guztiak, laranjan.