Industriaren hastapenak ezagutzeko bisita gidatua egin dute Igartzan
Igartzako Monumentu Multzoa nondik datorren ezagutzeko bisita gidatua egin dute gaur, industriak prozesu honetan izan zuen garrantzia azpimarratuz
Igartza Jauregia eta bisitariak // A.Garmendia Gaurko bisita gidatuan Beasaingo industriaren memoria bizia ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Gipuzkoako ekonomia jardueran garrantzia handia izan du burdingintzak, eta hori Beasainen argi eta garbi ikus daiteke Igartzako Monumentu multzoan, burdinolaren aztarnetan. Igartzako ferroiak izan ziren ibaian behera kilometro bat beherago XIX. mendean Fábrica de Hierros de San Martin sortu zutenak, geroago CAF bilakatu zena. XX. mende erdi aldera Indar enpresako pabiloietako batzuk eraiki ziren Igartzako burdinolaren gainean, beste behin ere orube berean iraultza industriala emanez.
Sei pertsona elkartu dira gaurko bisitan, baimendutako gehiengoa. Belengo Ermitan hasi dute ibilbidea eta pixkanaka Igartzako Monumentu multzo guztian zehar ibili dira. Gaur gerturatzeko aukerarik izan ez dutenentzat, beste hainbat bisita antolatu dituzte datozen egunetarako. Urtarrilaren 30 eta 31an Igartza Mitologikoa izeneko bisita egingo dute, gure arbasoek mundua nolakoa den azaltzeko erabiltzen zituzten mitologia eta kondairak ezagutu ahal izateko. Otsailaren 6 eta 7an, berriz, San Martin Loinazkoa eta Beasainen hastapenak izeneko bisita egingo dute, Beasaingo patroiaren historia eta garai hartako Beasain eta Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzeko.
Bisita hauetara joan ahal izateko erreserba egitea beharrezkoa izango da. Helduentzako sarreren prezioa pertsonako 4€-koa izango da eta 5-12 urte bitartekoentzat (biak barne) 3€. Informazio gehiago eskuratzeko 943 08 77 98 telefono zenbakira deitu edota igartza@beasain.eus helbidera idatzi beharko da.













