Erromarako 80 autobus egiteko kontratua sinatu du CAF Taldeak
Errumaniako Brasov eta Tàrgu Jiu hirietarako, bestalde, 25 eta 11 trolebus hornitzeko kontratuak sinatu ditu, hurrenez hurren, CAF Taldeko Solarisek. Bi kontratuen bolumena 25 milioi eurokoa da.
CAF Taldeko Solaris filialak kontratu berri bat sinatu du: Erroman hiriarteko eta hiri inguruko garraio zerbitzuak kudeatzen dituen Italiako COTRAL enpresarentzako InterUrbino modeloko 80 autobus egingo ditu. 10 urtez mantentze-zerbitzua ere jasotzen du kontratuak. Ibilgailuak 2021ean hornitzea aurreikusi dute, eta Erroma probintziako eta Lazio eskualdeko herri eta hiriak lotuko dituzte. Solarisek COTRALekin sinatutako kontratu guztien bolumena 2016tik 228 milioi euro baino gehiagokoa izan da. Azken kontratuarekin, InterUrbino modeloko ia 600 autobus egongo dira Erromara iristen diren errepideetan.
12 metroko hiriarteko autobusak dira eta 67 bidaiarirentzako edukiera dute. Bideozaintzako eta bidaiarien kontaketarako sistemak dituzte eta gidariaren kabina itxia dauka.
Trolebusak Errumaniarako
Errumaniako Brasov eta Tàrgu Jiu hirietarako, bestalde, 25 eta 11 trolebus hornitzeko kontratuak sinatu ditu, hurrenez hurren, CAF Taldeko Solarisek. Bi kontratuen bolumena 25 milioi eurokoa da.