‘Motxiladun haurren astea’ antolatu dute Etxeratek eta Sarek Ordizian
Hilabetero azken ostiralean euskal preso eta iheslarien alde egiten den elkarretaratzea «indartzeko» sortu da ekimena. Erakusketa eta solasaldia antolatu dituzte aste honetan
Motxiladun haurren astea antolatu dute, Etxeratek eta Sarek, Ordizian. Ekimen hori, hilabetero azkeneko ostiralean euskal preso eta iheslarien alde deitu ohi duten elkarretaratzeen bueltan antolatu dute. Motxiladun haurren astea deitu duten honetan, hainbat ekintza antolatu dituzte. Jose Inazio Azurmendik (Etxerat) eta Pili Otegik (Etxerat) eman dituzte xehetasun guztiak.
«Elkarretaratzeei indar berritu bat emateko ahaleginetan gabiltza!», hasi da Azurmendi. Alde batetik, «azken ostiraleko ekimen hori, presoen eta baita iheslari eta deportatuen egoera konpontzeko lortu den adostasun soziala, sindikala, politiko eta instituzionalaren adierazle izatea nahi dugu». Bestetik, «ekimen horiek aprobetxatu nahi ditugu, ostiral bakoitzean, errealitate konkretu bat lantzeko».
Hilabete honetan, aita, ama edo biak Espainiako eta Frantziako espetxeetan dituzten 87 haurren errealitatea ekarriko dute, «gurasoak ikusteko ehunka kilometro egin behar dituztenak eta pandemia egoera dela eta, hilabete luzeak daramatenak haiek ikusi gabe». Ordizian, «halako egoera bizitzeko kondenaturik dauden bi ume daude, Amets eta Ilargi». Motxiladun haurren astearekin, «ume horiek bizi duten egoera gizarteratzea da asmoa, baita egoera hori salatu eta buelta ematen saiatzea ere».
Erakusketa eta solasaldia
Urtarrilaren 29ra arte, motxiladun haurren gaia lantzen duen erakusketa egongo da ikusgai, Ordiziako D´Elikatuz zentroan. 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da.
Ostegunerako, hilak 28, 18:00etan, mahai ingurua antolatu dute. Ondorengo hizlariak egongo dira: Aitziber Albisu eta Lurdes Mujika irakasleak; Mattin Korta Zeberio motxiladun umea izandakoa; Alaitz Iturrioz, ama kartzelan izandakoa eta dinamizatzaile lanetan, Jose Mari Agirretxe ‘Porrotx’.
Bertaratu nahi dutenek, izena eman behar dute, 632 099 645 telefono zenbakira deituta, edo sareordizia@gmail.com epostara idatzita.
Eta ostiralerako, hilak 29, elkarretaratzea deitu dute, Plaza Nagusian, 19:00etan. Mertxe Aizpuruak, gaiarekin lotura duen ipuina kontatuko du.
Hitzaldia, Beasainen
Bestalde, Lierni Armendaritz euskal preso beasaindarraren bikote den Esti Amenabarrok, COVID-19a + Urrunketa =Umezurtz hitzaldia egingo du, asteartean, hilak 26, 19:00etan, Beasaingo Igartza Jauregian. Sare plataformak, Bidea gara goiburupean urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazioen bueltan antolatu dute hitzaldia.