Neurri berriak, gaurtik indarrean
Eusko Jaurlaritzak onartutako azken dekretua gaur sartu da indarrean. Udalerri guztiak itxiko dituzte eta lauko taldeetan bildu ahal izango da gehienez. Baina hortik aurrera, zer egin daiteke eta zer ez? Hona hemen galderarik ohikoenak eta erantzunak.
Gauerditik indarrean da Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena mugatzeko onartutako azken neurri sorta. Neurri nagusiak ezagunak dira dagoeneko; udalerri guztiak itxi eta sartu-irtenak debekatu dituzte, lanerako, ikasketetarako edo osasun kontuetarako ez bada. Gainera, herritarren arteko bilkurak gehienez ere lau lagunekoak izango dira. Baina neurri nagusi horiez haratago, eta kasuan-kasu, zalantza gehiago ere sortzen dira. Hona hemen herritarren galdera edo zalantza nagusiak eta haientzako erantzunak.
NEURRIAK:
Neurri berriak:
– Udalerri guztiak itxita, salbuespenik gabe; galarazita dago ondoko udalerrira joatea.
– Taldean gehienez lau pertsona elkartu daitezke, eremu publikoan nahiz pribatuan.
Tabernetako eta jatetxeetako mahaietan ere gehienez lau lagun eseri ahalko dira.
Indarrean daudenak:
– Euskal Autonomia Erkidegoaren itxiera perimetrala.
– Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.
– Merkataritza eta kultura-jarduerak beranduenez 21:00etarako amaitu behar dira.
– %40ko aforoak 150 m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 m2 arteko azalera dutenetan.
Edukiera murriztuak, era guztietako kultura -eta gizarte- ekitaldietarako.
– Kultura-aretoetako gehieneko edukiera % 35era mugatzea.
– Musika eta ahots entseguak eta emanaldiak galarazita daude.
– Ostalaritza eta jatetxeak itxita egon behar dira 20:00etatik 06:00etara bitartean.
– 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik gora duten udalerrietan:
– Tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira, baita joko eta apustu-establezimenduak ere.
– Taldeko kirol-jarduera debekatuta egongo da.
GALDE-ERANTZUNAK:
Joan al naiteke aldameneko herrira?
Ez. Abenduan aplikatu zen herri mailako konfinamenduan ondoko herrira joateko aukera zegoen, baina oraingoan debekatuta dago.
Irten al naiteke erkidegotik?
Ez, ezin da Euskal Autonomia Erkidegotik atera, 926/2020 Erret Dekretuaren 6.1 artikuluak jasotzen dituen salbuespen egoeretan ez bada:
-Osasun zentro edo zerbitzuetara joateko.
-Lan jarduerak, instituzionalak edo legalak betetzeko.
-Hezkuntza edo unibertsitate zentroetara joateko.
-Norberak bizileku duen etxebizitzara itzultzeko.
-Adinekoak, dependentzia edo ezgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko.
-Aldameneko lurraldeko finantza edo aseguru entitateetara edo gasolindegietara joateko.
-Erakunde publiko, judizial edo notarialek eskatutako jardueretarako.
-Dokumentazio eta baimen ofizialak berritzeko.
-Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialetan parte hartzeko.
-Ezinbesteko kausagatik edo beharrizan-egoeragatik.
Mota horretako, edo bestelako irteera bat egin behar denean, agiri hau beteta eraman behar da.
Zer gertatzen da nire herria eremu gorrian sartzen bada?
Indarrean dagoen araudia mantenduko da. Herri horretako ostalaritza itxiko da, eta eskola kirola bertan behera geldituko da. Herri handien kasuan, 100.000 biztanleko 500 kasuko muga gainditzen denean aplikatuko da araudi hori. Herri txikien kasuan (5.000 biztanletik behera), baldintza horrez gain beste bi bete beharko dira: herria kokatzen den osasun eremua ere gorrian egotea, eta astebetean 2 kasu baino gehiago agertu izana.
Nola jakin dezaken nire herria eremu gorrian sartzen den?
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astelehen eta ostegunetan eguneratzen du eremu gorrian dauden herrien zerrenda, eta horrenbestez, baita tabernen itxiera aplikatu behar dutenena ere.
Eskola kirola, baimenduta al dago?
Bai, beti ere 100.000 biztanleko 500etik beherako eragin-tasa duten herrietan, eta gehienez ere lauko taldetxoak osatuta, taldeak nahastu gabe eta aldagelak erabili gabe.
Kirola egiterakoan, maskara erabili behar al dut?
Edozein kirol aktibitate egiterako garaian musukoa jantzita eraman behar da. Salbuespen bakarrak, espazio edo gune naturaletan, herriguneetatik kanpo eta beste oinezkorik ez dagoenean, intentsitate handiko kirol aktibitatea egiten ari denean, edo lehia edo konpetizioen kasuan dira.
Nere seme-alabak parte hartu al dezake eremu gorrian dagoen herri bateko kirol aktibitate batetan?
Eskola kirola nobere herritik atera gabe eta eremu gorrian ez dauden herrietan bakarrik dago baimenduta.
Animaliak ditut beste herri batetan. Joan al nahiteke haiei jana ematera? Nola justifikatu dezaket?
Animaliak zaintzeko mugitu daiteke, 44/2020 Erret-Dekretuaren 2 eta 3. artikuluetan jasotzen diren salbuespenetako bait baita. Irteera edo mugimendu hori justifikatzeko, nahikoa da animalia horien jabetza agiria eramatearekin edo erantzunkizunpeko agiria beteta eramatearekin.
Nola justifikatu dezaket adineko pertsona bat zaintzera noala?
Pertsona horren ardura duenak idatzitako agiri baten bidez, zaindu beharreko pertsona eta harekin dagoen senidetza maila zehaztuta. Zaintza lanak egitera doan pertsonak ere erantzunkizunpeko agiria bete behar du, zaindu beharreko pertsonaren helbidea eta telefono zenbakia jarrita.
Joan al naiteke Euskaditik kanpo dudan bigarren etxebizitzara?
Ez, baldin eta ez bada 926/2020 Erret-Dekretruan jasotzen diren Erkidegoen arteko mugikortasun mugen salbuespenetakoren baterako.
Adinekoen egoitzetara joan al daiteke bisitan?
Bai, beti ere, zentroak baimendutako bisita baldin bada.
Joan al nahiteke ondoko herrira, taberna batetan zerbait hartzera?
Ez.
Zein zerbitzu eskaini ditzakete tabernek eta jatetxeek?
Kanpoko terrazetan eta barruan, edukiera %50era mugatuta, eskaini dezakete zerbitzua. Mahai eta aulkien artean 1,5 metroko segurtasun tartea gorde beharko dute.
Eremu gorrian dauden herrietan, etxerako jana eskatu al daiteke?
Bai, gainontzeko herrietan bezala, 21:00ak arte jaso ahal izango dira eskariak taberna/jatetxean; beste edozein zerbitzutarako, ordea, itxita egon beharko dute. Etxerako bidalketak, berriz, 22:00ak arte egin ahal izango dira.
Elkarte gastronomikoak, gazte lokalak eta antzekoak, ireki al daitezke?
Ez.
Taldean kirola egin al dezaket?
Covid-19 kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500ekoa baino txikiagoa bada, federatu gabeko jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, aire zabalean, banaka edo taldeka egin daiteke, beti ere kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez 4 pertsonako taldeetan.
Intzidentzia-tasa metatua 500etik gorakoa bada, bertan behera geratuko da taldeko edozein kirol-jarduera mota, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Ezin izango dira egin lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketaak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera aire zabalean eta gehienez lau pertsonako taldeetan egitea.
Irten al daiteke korrika egitera edo bizikletan taldean ibiltzera?
Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez 4 pertsonako taldeetan.
Kendu al dezaket maskara, bakarka, hiri-inguruetan kirola egiten dudan bitartean?
Edozein kirol-jardueratan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, jarduera fisiko handiko aparteko uneetan eta lehiaketetan soilik kendu ahal izango da.
Joan al naiteke beste udalerri batera jarduera fisikoa aire zabalean egiteko?
Ez. Debekatuta dago beste udalerri batzuetara joatea.
Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke?
Bai, gehienezko edukieraren % 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu.
Beste herri bateko kiroldegira joan naiteke kirol-jarduera bat egitera?
Ez.
Baimenduta al dago ehiza-jarduera modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza ere, modalitate guztietan?
Bai, baina udalerriaren muga geografikoetatik atera gabe.
Publiko gisa joan naiteke kirol-ekitaldi batera?
Ez. Debekatuta dago jendeak kirol-ekitaldietara joatea.
Gimnasio bateko makina-gelan kirola egin al dezaket?
Bai, banaka, maskara erabiliz, segurtasun-distantzia mantenduz eta esparruan baimendutako gehieneko edukiera errespetatuz.
Eskolak edo jarduerak taldean eman al daitezke?
Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak bakarrik egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, jarduera fisiko biziko aparteko uneetan izan ezik, gehienez 4 pertsonako taldeetan, eta edukiera edukieraren ehuneko 50era mugatuta badago.
Musika eta abesbatzen entseguak debekatuta daude oraindik?
Musika- eta ahots- izaerako entsegu eta jarduera kolektibo ez-profesionalek etenda jarraitzen dute, hezkuntza arautuan daudenen kasuan izan ezik.
Eta dantza taldeak?
Dantza-talde ez-profesionalen entseguei berrekitea baimentzen da. Nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira segurtasuneko pertsonen arteko distantzia mantentzeko prebentzio-baldintzak, maskara eta kontaktu fisikorik gabeko lau pertsonako taldeak.
Zer edukiera errespetatu behar du saltoki txiki batek?
150 metro koadrotik beherako establezimenduek ezingo dute edukieraren % 60 gainditu.
Eta azalera handia bada?
150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduak edukieraren % 40ko gehieneko edukiera baimendu batera igaroko dira, eta, hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko zaie merkataritza-guneei solairu eta saltoki bakoitzean, bai eta gune komunetan ere, azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako edo -parkeetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko.
Joan naiteke bizi naizen udalerritik kanpo egiten den hileta, beila edo ehorzketa batera? Eta autonomia-erkidegotik kanpo?
Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren hileta, beila edo ehorzketetara joan daiteke. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo gertatzen direnetara bigarren mailara arteko senideak joan ahal izango dira.
Erre al daiteke kalean?
Gutxienez bi metroko distantzia errespetatu badaiteke bakarrik.
Derrigorrezkoa al da erabilera publikoko establezimenduak eta lekuak aireztatzea?
Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar eta, gainera, lokalak ireki eta ixten direnean. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek eraikinen eta lokalen eragiketa- eta mantentze-gomendio ofizialak bete beharko dituzte.