Aitor Casadorekin, kultur agendara itzuli dira ikus-entzunezkoak
Bidaiari legazpiarrak Balkaneetara egindako bidaiaren ikuskaria aurkeztuko du ostiralean. Legazpiko kultur egitarauko lehen emanaldia izango da.
Aitor Casado legazpiarraren bidaiatzeko grina ez du zapuztu koronabirusak. Azken hilabeteetan ezin izan ditu egin bidaia handiak, baina motxilan gordeta zituen aurrekoetan bildutako esperientziak, eta horiek legazpiarrekin elkarbanatzera dator orain. Ostiralean, hilak 29, #balcaneswonderland ikus-entzunezkoa eskainiko du Latxartegi aretoan, 18:00etan.
Udalaren kultura sailak programatutako urteko lehen emanaldia izango da, eta kultur etxeko areto nagusia pandemiaren ondoriozko eskakizunetara egokituta txiki geratu denez, Latxartegin izango da, 147 lagunentzako tokiarekin. Emanaldia dohainik da, baina sarrerak hartu behar dira kultur etxean, ostegunera arte, 16:00etatik 19:00etara. Egunean bertan ere Latxartegin egongo dira.
Jugoslavia ohitik barrena
Koronabirusaren ondorioz Legazpitik irteten uzten ez duten une honetan, Jugoslavia ohia osatzen zuten Eslovenia, Kroazia, Montenegro eta Bosnia Herzegovina herrialdeetan zehar bidaiatzeko aukera eskainiko du Aitor Casadok, 2019n Mar Torrijos bikotekidearekin egindako bidaia bera irudien bidez azalduz. Hiru asteko iraupenarekin, lau herrialde horiek zeharkatuz errepidez egindako bidaia da Casadok erakutsiko duena. Jugoslavia desegin ondoren bakoitzak bere aldetik egindako bidea ezagutzeko aukera emango dute bertan jaso zituen irudiek. «Bosnian gerraren aztarnen lekuko izango gara, eta Kroazian turismoaren bilakaera handiarena», azaldu du Casadok. Paisaia naturalek ere izango dute tokia ikus-entzunezkoan, eta «Kroaziako kostaldeak, Esloveniako haran eta eremu berdeek edo Montenegroko mendiek eta fiordoek harridura eragingo digute». Eliza katolikoek zein ortodoxoek eta mezkitek, bestalde, «herrialde haietako aniztasun etnikoa erakutsiko digute».
Jokoa eta opariak
Casadok aurreratu duenez, emanaldiak lau zati izango ditu. Hasteko, «bidaiaren eta herrialdeen aurkezpena» egingo dute. Ondoren, 35 minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute, lau herrialdeetako musikaz lagunduta. Gerorako,«euskaldunak lotsatiak garela eta galderarik ez dela egingo badakigunez», bideoan erakutsitako hainbat gai bitxiz osatutako atal bat prestatu dute, gai horietan gehiago sakontzeko. Eta amaitzeko, «joko dibertigarri bat» proposatuko diote publikoari, opari eta guzti.
#balcaneswonderland ikus-entzunezkoa iazko martxoan zen eskaintzekoa, baina COVID-19a iritsi zen eta bertan behera utzi behar izan zuten. Lanaren izenburuak hashtag bati egiten dio erreferentzia, Casadok eta Torrijosek euren sare sozialetan bidai horri aipamena egiteko erabilitakoa da. Bikote horrek egindako bidai eta ibilaldien berri pasaporteawonderland.com webgunean ikus daiteke.