Aurten ez da berrogeita batgarrenik izango
Aurten bertan behera geratu da 41. Idiazabalgo Herri Krosa. 1981an egin zuten lehenengoa, kategoria bakarrarekin. Egun 6 kategoria dituzte eta iaz 672 korrikalarik hartu zuten parte.
Idiazabalgo 41. Herri Krosa izango litzatekeena ez dute egingo. Urtarrilaren azken igandean izan ohi da lasterketa, San Blas jaien hasieran, eta, beraz, datorren igandean zen ospatzekoa. 1981. urtean lehenengoa egin zutenetik, urtero antolatu dute, baina pandemia egoerak behartuta aurtengoa bertan behera uzteko erabakia hartu dute.
Antolakuntzako kide den Xabier Intxausti Gorri-k azaldu duenez, ezinezkoa zen aurten ohi duten ekitaldia antolatzea azken urteetako lasterketei erreparatuta: «Jende asko etortzen da, eta azkenean festa giroa sortzen da herrian». Helduen kategorian, 10.245 kilometroko lasterketan, 458 korrikalarik hartu zuten parte 2018an. Iaz, berriz, 672 izan ziren. Maite Arraiza lazkaotarra eta Chakib Lachgar izan ziren garaileak.
40 urteko ibilbidea
1978an Donostiako Maratoia egin zen lehenengo aldiz, eta horren harira hasi ziren Idiazabalgo Krosa antolatzen. «Kirolariak ginen eta korri egiten hasi ginen; batzuek Donostiako Maratoia egin zuten eta herriko festetan lasterketa bat egitea pentsatu genuen», azaldu du Intxaustik.
1980ko udazkenean ekin zioten krosa antolatzeari eta 1981eko San Blas jaietan egin zuten lehenengo edizioa. Hala izendatu zuten: Lehenengo Herri Krosa. Eta 40 egin dituzte dagoeneko. Hasiera hartan ez zegoen kategoriarik, eta gaur egun benjamin, alebin, infantil, kadete eta heldu eta beteranoen lasterketak dituzte.
Bilakaera oparoa izan du lasterketak sortu zutenetik, egitura zein parte hartzaile aldetik. Lake Oiarbide antolatzaileak azaldu duenez, Idiazabalgo krosaren berezitasuna doakotasuna ere izan da, nahiz eta orain 5 euroko inskripzioa ordaindu behar duten dortsalagatik: «Parte hartzaile guztiei gazta zati bat banatu eta zozketak ere egin ditugu, eta horrek lagundu du».
Herrian giroa sortzea dute helburu lasterketarekin, eta horretarako finantziazio bideak bilatzen dituzte korrikalariek etxera oroigarriren bat eraman dezaten: «Horrela bueltan etorriko dira», esan du Intxaustik.
Hurrengo urtera arte
Bederatzi lagunek osatzen dute antolakuntza taldea, baina lasterketa egunean beste 60 herritar inguru ere izaten dira lanean. Egun gogorra izaten dute: «08:00etan hasi eta 14:00ak arte etenik gabe», esan du Intxaustik. Lan handia duten arren, urteekin esperientzia lortu dutela azaldu dute. Aurten ez dute krosik ez festarik izango: «Hurrengoan beste animo batekin elkartuko gara», dio Oiarbidek.