Sindikatuak, biharko grebari begira
ELA, LAB, SATSE, CCOO, eta UGT sindikatuek greba deitu dute Osakidetzako zentro guztietan biharko. Baliabide nahikoak dituen osasun publikoa aldarrikatu dute langileek
Osakidetzako sindikatuek, ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK, langileei dei egin diete bihar, osteguna, Osakidetzako zentro guztietan deitutako grebara batu daitezen. Hiru hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak.
Iragan abenduaren 16an hasi zuten greba dinamika, abenduko asteazken, eta urtarrileko ostegun guztietan protestak egin dituzte, eta urtarrilaren 28rako, biharko, greba deitu dute. Bitarte horretan, mahai sektoriala ere bildu da, baina sindikatuek adierazi dutenez, «Osakidetzak mobilizazioaren bidea baino ez digu utzi». Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin mahai sektorialaren azken bilera, iragan ostegunean egin zen. Bileraren ondoren, sindikatuek jakinarazi zuten, urtarrilaren 28ko grebari eutsiko diotela: «Nahikoa arrazoi ditugu grebari eusteko, hitz ederrak eta asmo oneko adierazpenak alde batera utzita, egun ez dago inolako neurririk Osakidetzaren egiturazko gabezia larriak konpontzeko».
Sindikatuek diotenez, askotan eskatu dute langileen aldarrikapen nagusiak mahai sektorialaren bileraren gai zerrendan sartzeko. Azkeneko bilkuran, aukera eman zieten gai zerrendan bi puntu sartzeko, baina, puntu horien inguruko eztabaida iritsi zenean, Osasun Sailaren ordezkariek «albo batera» utzi zituzten sindikatuen eskaerak, edo «nahikoa» ez diren planteamenduak egin zituzten.
«Pandemiak okertua»
ELA sindikatutik salatu dute «egoera lehen larria» zela. «2009. urtetik lan baldintzen akordioa ez da berritu eta negoziatu ere». Eta pandemiak, «guztia agerian utzi» duela, eta martxoaz geroztik, Osakidetzako langileen egunerokoa «asko okertu» dela: «Pandemia hasieran, eguneroko protokolo aldaketez gain, informazio eza eta ezezagunaren beldur ziren langileak gehien estresatzen zituena». Gehitu dute, «orokorrean, abandonatuta sentitu» direla, «dena azalpenik gabeko aldaketak ezarriz egiten zelako». Gainera azpimarratu dute langileak izan dituzten «zailtasunak FFP2 maskara lortzeko».
Iazko martxotik hona, egunak pasa ahala, Osakidetzako langileen egoera «okertu» duten beste faktore batzuk ere aipatu ditu sindikatuak: «Lanaldien luzapena; ohituta dauden zerbitzuetatik kanpo lana egitea inolako formakuntza gabe; karteldegian aldaketak; eta oporrak hartzeko zailtasunak, besteak beste».
Osakidetzako langileak «psikologikoki eta fisikoki nekatuta, eta antsietatearekin» daudela salatu du ELAk. Azkeneko urteetan «lan baldintzek hobera egin beharrean, okerrera egin» dutela, «langile kopuru oso murriztuarekin» ari direla egoerari aurre egiten, «horrek suposatzen duenarekin». Gainera, ELAren esanetan, «Osakidetzak ez du langileek egindako esfortzua aitortzen».
Aldarriak
Sindikatuek azaldu duten egoera gehiago ez luzatzeko helburuarekin, grebara batzea «oso beharrezkotzat jo» dute. Ondorengoak dira aldarriak: «Osasun publikoan inbertsio handiagoa, aurrekontuetan osasun publikorako diru sail bat esleitzea; egiturazko langileen zerrenda handitu eta behin-behinekotasuna amaitzea; pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko bihurtzea; eta lan baldintzak arautzeko akordio berri bat, eta urte hauetan zehar ezarritako murrizketak lehengoratzea».
Greben astea izango da urtarrileko azkena
Urtarrileko azken aste hau, bete-betea dator mobilizazio eta protesteei dagokionean. Osakidetzan bakarrik ez, beste hiru arlotan ere egin dituzte greba deialdiak. Atzo, hilak 26, zaintza arloko greba zegoen deituta. Eskoletako jangeletan eta garraioan ere deitua dute; gaur eta bihar izango da. Haurreskoletan ere greba egunak deitu dituzte, astelehenean izan zen lehena, gaurko ere deitu dute lanuztea, eta baita otsailaren 22, 23 eta 24rako ere.