Udaltzainak 365 egunetan ari dira lanean, urte hasieratik
Udaltzain bat gehiago dago Beasainen, eta hamasei dira, denera. Leire Artola alkateak dio «beharrezko» zerbitzua dela. Ordizian ere indartu egin dute asteburuetako zerbitzua.
Beasaingo Udaltzaingoa asteburuetan ere lan egiten ari da urte hasieratik. «Gure udaltzainek herriari zazpi egunetan zerbitzua ematea beharrezkoa ikusten genuen», azaldu du Leire Artola alkateak. «Agintaldi planean hala jaso genuen, COVIDaz harago». Astegunetan 06:45ean hasiko da zerbitzua, 21:15ak arte. Asteburuetan, berriz, hamabi orduko lanaldia dute. «Zerbitzua egunero eskaintzen hasi garenetik egun gutxi pasa dira. Gainera, egoera ezegonkor batean. Baina normaltasuna berreskuratzen dugunean jakingo dugu asteburuan zein zerbitzu eskaini dezakegun».
Lehen, asteburuei dagokienez, neguko larunbat goizetan bakarrik izaten ziren lanean, sei hilabetetan. Igandeetan, sekula; orain, kide bat gehiago dira lantaldean, hamasei denera, eta barne antolaketa berriari esker zerbitzua luzatu dute. Asteburuetan bost agente daude. «Lana, gehienbat, Herritarren Segurtasuna delakoa da», aipatu du Aitor Eskalante udaltzain buruak. «Halere, egitekoak asko aldatzen dira astebarruan eta asteburuan». Astelehenetik ostiralera, esaterako eskoletako sarrera irteerak zaindu behar izaten dituzte; asteburuetan, berriz, kultur eta kirol ekintzak. «Pandemiarekin, ordea, ia ekintzarik ez da antolatzen», nabarmendu du.
Osasun larrialdiak bestelako behar batzuk sortu ditu. «Pandemia gure lehentasuna da. Edukierak, maskararen erabilera, herriko sarrera eta irteerak… gure ahalmenaren ehuneko 60 edo 70a horretara zuzenduta dago». Atzo, ostalaritzaren irekieragatik, ez zuten dispositibo berezirik antolatu, baina kalean ibili ziren «presentzia» izateko. Bestelako lanak baztertu gabe, hori bai: «Istripuak ere gertatzen dira, zamalanak…». Azken egunetan patinete elektrikoen inguruko zaintza pedagogikoan murgilduta ibili dira.
Escalantek larrialdi baten aurrean SOS Deiakera deitu behar dela azpimarratu du, 112ra. «Larrialdi telefonora deituta handik aktibatzen dute Ertzaintza zein Udaltzaingoa. Elkarlanean lan asko egiten dugu», esan du udaltzain buruak. «Edozer larria gertatuz gero, Ertzaintzaren laguntza izaten dugu. Hilero dauden ekintza berezietan elkarren arteko koordinazioa sustatzen dugu, elkarlana indartzeko». Bestelakoan, 943 02 80 80 da udaltzainekin harremanetan jartzeko telefonoa.
Tamainak ez du axola
Herriaren tamainak ez du eraginik udaltzain kopuruan. Escalantek azaldu du gutxienez 5.000 biztanle behar direla udaltzain zerbitzua izateko. Hortik behera, Herrizaingo Sailari baimena eskatu behar zaio. Gora, berriz, udalak zehazten du zenbat langile behar dituen.
Beasainen hamasei udaltzain daude orain, eta horrekin «nahikoa» dela dio Escalantek.
Ordizian ere zerbitzua indartu dute
Ordiziako Udalak ere Udaltzaingoaren zerbitzua indartu du, eta bertan ere, egunero ari dira lanean. Asteburuetan hamabi orduko zerbitzua eskainiko dute. «Zerbitzua indartzea garrantzitsua da, izan ere, Ordizia horren herri bizia izanik, ekintza asko antolatzen dira; ez bakarrik aste egunetan zehar, asteburuan ere bai», zehaztu du Maitane Alvarez alkateordeak.
Udalak, halere, gogorarazi du «lehen ere asteburuetan udaltzaingoa lanean aritzen»zela. Baina orain, «lantaldea egonkortu ondoren, zerbitzua indartuta» itzuli da. Etorkizunean zerbitzuari eusteko asmoa dutela ere aipatu dute udaletik.