Zaldibiako udal gobernuak 1,8 milioi euro pasako aurrekontua ondu du
Udaletxe berria bukatzea, zaharra eraistea eta plaza berritzen hastea dira aurtengo lan batzuk. Berdintasun, biodibertsitate eta gizarte arloko proiektuekin jarraituko du
Zaldibiako Udalarentzat 1,8 milioi pasako aurrekontu proposamena ondu du udal gobernuak, aurtengo urterako. Lehengo astean herri batzarrean aurkeztutako datuen arabera, 1.872.840,58 euroko diru hornidura izango du 2021eko kontuak. «Aurrekontua onartzeko prozedura» ere azaldu zuten EH Bilduko udal agintariek batzarrean. Udalbatzako beste alderdiaren EAJ ekarpenak jaso, aztertu, eta otsail hasierako udalbatzarrean onartuko dute.
Koronabirusak «erabat baldintzatutako» iazko urtearen errepasoa ere egin zuten udal ordezkariek. UFFFtik 184.392 euro gutxiago jaso ditu udalak, eta beste erakundeen aldetik «bazterrean eta babesgabe» utzi izana salatu du. 30 bat lagunek jarraitu zuten bilera, erdiek telematikoki.
2021ri heltzeko, zenbait kontzeptu oinarrizko erronkatzat hartu ditu udalak: udal informazioa, gardentasuna eta barne prozesu bidezko partaidetza; auzolana, zeharkakotasuna, eta udal zerbitzuak ahulenen eskura jartzea. «Covid-aren egoeran, herri babesa osatu eta erantzun behar da».
Ekimen zehatzei dagokienez, udaletxe berria bukatzea izango da aurtengo zeregin aipagarri bat. Lanak amaitu, altzariz hornitu, leku aldaketa egin, egungo udaletxea eraitsi, eta eremua urbanizatu eta haur parkea jarri nahi ditu. 65.500 euroko aurrekontua bereizi du, eta Leader diru laguntza lortzeko saiakera iragarri du.
Abian direnei jarraipena
Ingurumen arloan, txakurrak libre ibiltzeko gunea prestatu, Zaldibiako ura kontsumitzeko kanpaina egin, eta baso habitatak berreskuratzeko eta biodibertsitatea zaintzeko proiektuari segimena emango zaizkio. Azken ekimen horretarako 20.300 euro bereiziko ditu.
Kultura, Euskara eta Kirol arloan, Eskola Kirolaren gaia «landu» nahi dute, Toki Alai frontoia margotu (12.000 euro), eta euskalduntzeko Aisa taldea berreskuratu nahiz euskalduntze kanpainak bultzatu (5.500).
Hirigintzan, bide eta errepideen mantenurako 42.000 euro izango dira. Zaldibia-Ordizia bidegorriaren lanketa da urteko ardatz bat, hilerri aurrea osatzea eta Biloreren eraisketari jarraipena egitea besteak. Egoki aparkatzeko lanketa ere egingo da, karabana eta atoiena barne.
Berdintasun esparruko teknikaria %33an mantenduko du udalak. Ekintzetarako 11.750 euro bereiziko ditu, Martxoaren 8a edo Azaroaren 25a nagusiki. Jaioberrien eta etorri berrien harrerekin segiko du, Etxekonekok elkartearekin batera. Herri Hezitzaileen Sarean, talde eragilea osatzea izango da lan bat.
EAJk bere ahotsik ez duela kontuan hartu kritikatu dio udal gobernuari
Udal aurrekontuaren lanketaren harira, Zaldibiako EAJk ohar batean udal gobernuaren jarrera kritikatu du. «Gure taldea ez dela aintzat hartzen salatzen dugu, eta ordezkatzen duen herriaren zatia mespretxatzen dela». Beren ekarpenak eta iritziak lantzen aritu direla, baina horiek elkarbanatzeko aukerarik ez diela eman salatu du. Herri batzarra aurretik deitzea deitoratu du: «Kasu honetan, ordea, ez dute dirua nora doan eta kontzeptu bakoitzean zenbat biltzen den adierazten duen kontu zehatzik», dio EAJk oharrean.
Hala, «ordezkatzen duen herriaren zati handi bati egiten zaion hutsegitea» aurpegiratu diote alkateari. Bi udal taldeetako ordezkariak gaur elkartzekoan direla aurreratu du EAJk. «Ez dugu ulertzen udal gobernu honen jarduteko modua».
Oposizioko taldearen proposamenak ez direla kontuan hartzen ere gehitu du EAJk. «Argi dago, guretzat behintzat, haientzat udalbatzarik ez dagoela, udal gobernua baino ez dago. Herriaren zati handi baten ahotsa, herriaren beste zati horren ordezkari gisa dugun ahotsa, gure zalantzak, gure proposamenak eta abar ez dira kontuan hartzen, ezta itxaroten ere».
«Zaldibiar guztientzat» gobernatzea eskatu dio alderdi jeltzaleak EH Bilduko udal gobernuari, agintaldi hasierako eskaria dela gogoraraziz. «Gobernu honek gehiengo osoa duenez, gainerako herri ordezkariek ez dute ezertarako eskubiderik, eta eskubideren bat badute, honela egiten da: errespetatu egin behar da, zarata egin ez dezaten, eta gero gurera», dio EAJk.
Udal aurrekontuari buruz esateko «asko» daukala, baina negoziatu arte ez dutela iritzia publiko egingo esan du EAJk. «Baina gastu finkoak handituz eta inbertsioetarako jaso daitezkeen laguntzen zain bagaude, Zaldibiak ezin izango die bere kabuz ekin hobekuntzei eta erronkei».