Zumarragatik gatozen bi artista gara gu
Athletic futbol taldeko sei jokalarik osatutako Orsai musika taldea zeresan handia ematen ari da. Sei musikarietako bi zumarragarrak dira: Mikel Balenziaga gitarrista eta Dani Garcia bateria-jotzailea.
Abestiak Paristik natorren artista bat naiz ni dio, baina azkenaldian Bilbotik datorren artista talde batek eman du zeresana: Athletic-eko sei jokalarik osatutako Orsai taldeak. Dena den, argi! Bizkaitik datoz, baina bi bakarrik dira bizkaitarrak: Asier Villalibre eta Iñigo Lekue. Oscar de Marcos eta Mikel Vesga arabarrak dira eta Mikel Balentziaga eta Dani Garcia gipuzkoarrak. Zumarragakoak, hain zuzen ere. Taldearen heren bat Zumarragakoa da, beraz.
Zumarraga eta Urretxuko Secundino Esnaola musika eskolara deitu dugu beraien curriculumaren berri izateko eta Mila Zubimendi Balenziagaren irakaslea izan zela oroitzen dute. Garcia ez dute gogoratzen. Ez zuen bertan ikasiko… edo Balenziaga baino txintxoagoa izango zen.
Zubimendik Balenziaga ikasle ona zela dio. «Solfeoa eta txistua ikasi zuen. Umea zenean ezagutu nuen eta mutiko jatorra zen. Artista, baina txintxoa eta jarrera onekoa. Txistua gustuko zuen eta, nahiz eta entrenamenduak ere bazituen, ondo moldatzen zen».
Athleticeko jokalarien Orsai taldean, ordea, gitarra jotzen du. «Gitarrarekin ikusi nuenean, harritu egin nintzen. Beraien bideoa jende askok ikusi du. Niri alabak erakutsi zidan eta musika eskolako 12 urteko neska batek beraien abestiaren partitura prestatzeko eskatu dit. Txistularia da eta kirola asko gustatzen zaio. Abesti martxosoa da eta ez dakit txistua nola sartuko dudan, baina kapritxoa emango diot, noski. Beharbada musika eskolaren hurrengo bideoan edo kontzertuan Orsai taldearen abestia ere joko dugu».
Aipatzekoa da Balenziaga musika eskolaren ondoan bizi zela (Argixao futbol zelaitik gertu samar ere bai) eta Jon Balenziaga bere lehengusu eta ETBko aurkezleak ere txistua jotzen duela. Bere lehengusu Miren, berriz, musika eskolako irakaslea izan zen.