Haurreskolak Partzuergoko grebak «%70eko jarraipena» izan du
LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek deituta bi greba egun egin dituzte aste honetan. Gauzak aldatu ezean greba dinamikarekin aurrera egingo dutela iragarri dute
Haurreskolak partzuergoko sindikatuek, LAB, ELA eta STEILAS, mobilizazio eta greba egunekin jarraitzen dute. Aste honetan, bi greba egun egin dituzte eta hiru sindikatuek baieztatu dutenez, grebak %70eko jarraipena izan du Haurreskolak partzuergoan. Haurreskolak Partzuergoko eta EAEko Hezkuntza Saileko arduradunek inposatutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla eta negoziatzeko borondaterik ez dutela salatu dute.
Abenduaren 10ean eta 16an, lanuzteak egin ostean, Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak deitutako negoziazio mahaian izan ziren, abenduaren 22an. Sindikatuen esanetan, «bilera horretatik haurreskolen etorkizunari buruzko zalantza eta kezka gehiagorekin» atera ziren. Nabarmendu dute, bilera Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak ezarritako gai-zerrendarekin egin zela, eta ez zutela sindikatuak aldarrikatzen ari diren punturik gehitu, nahiz eta berariaz eskatu.
Gauzak horrela, urtarrilean ere greba dinamikarekin jarraitzen dute. Urtarrilaren 25ean, astelehenean, lanuztea egin zuten, atzo ere greba egin zuten eta «gauzak aldatu ezean, greba egunekin jarraituko» dute. Otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako ere deitu dute greba.
Sei aldarrikapen edo eskaera nagusi kaleratu nahi dituzte. Haurreskolak partzuergoa doakoa izatea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, akordioak «errespetatzea eta betetzea», lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, lanpostuak egonkortzea, Osakidetzak babes ekipamenduak ematea partzuergoko langileei ere eta aurrekontua handitzea.
Elkarretaratzea Seguran
Segurako Haurreskolan ere bat egin dute greba deialdiarekin eta elkarretaratzea egin zuten Haurreskolaren aurrean. Langileez gain, gurasoak eta beste herritar batzuk ere batu ziren protestara.
Une honetan «bost ume eta bi hezitzaile» daude. Bertako langileek adierazi zuten «kezkatuta» daudela, «ziurgabetasun egoeran» aurkitzen direlako, «iaztik murrizketak baino ez» dituztelako izan eta «etorkizuna kolokan» dagoela. Langileek gogoratu zuten «landa eremuan zerbitzu bat emateko sortu zela Haurreskola Partzuergoa» eta horri eustea «guztiz beharrezkoa» dela. «Herritarrentzako erraztasun gehiago» eskatzen dituzte; adibidez, «zerbitzu publikoa den heinean, doako zerbitzu batean bihurtzea».
Zaintza «duintzea» eskatu dute langileek kalean
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek greba egin dute astearte honetan, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Lan-baldintzak eta ordainsariak hobetzea eta zaintza zerbitzua duintzea eta publiko egitea eskatzen dute, zerbitzu unibertsala eta doakoa izan dadin.
Zaintza duintzeko eta zerbitzuari ikusgarritasuna emateko aldarrikatu dute, sektore feminizatua eta prekarioa dela salatuta. Halaber, pandemia hasi zenetik erresidentzietan zer gertatu den argitzeko ikerketak eta auditoriak abiatzeko eskatu dute, eta administrazioari zaintza sektorearen egungo ereduari buruzko eztabaida bat ireki dezala exijitu diote. Horrez gain, greba honen harira Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla eta, ondorioz, jarraipena zenbatekoa izan den jakitea «oso zaila» dela salatu dute.