Igartubeiti eta Zumalakarregi museoak REMED sarearen parte dira
Martxorako Museo eta Estrategia Digitalen Nazioarteko I. Biltzarra antolatu du REMEDek. Sarearen helburua kultur erakundeen ezagutzak partekatzea da
Igartubeiti Baserri Museoak eta Zumalakarregi Museoak bat egin dute pandemia egoera dela eta eratutako REMED Espainiako Museo eta Estrategia Digitalen sarearekin. Martxoaren 25ean eta 26an Museo eta Estrategia Digitalen Nazioarteko I. Biltzarra egingo du REMEDek topaketa telematiko baten bidez, eta nazioarteko kultur arloko hainbat profesionalek hartuko dute parte.
Sarea Valentziako Arte Ederren Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa eta Artearen Historia sailak sortu zuen 2020ko martxoko konfinamenduan, museo publiko, pribatu, handi eta txikiei krisiaren aurrean ezagutza estrategikoak eta irtenbide teknologikoak bilatzen laguntzeko. Helburua, beraz, museoek bizi dituzten oztopo, prozesu eta teknikak elkarbanatzea eta egoerari aurre egitea da.
Urtebete baino gutxiago du sareak, eta dagoeneko 180 museotako 400 kolaboratzailek, 17 unibertsitatek eta kultura kudeaketako, kudeaketa teknologikoko eta kultura erakundeetako 40 enpresak egin dute bat. Parte hartzeko izen ematea oraindik ere irekita dago. Pandemia egoerak kultur eremuan eragin zuzena izan duenez, REMEDek museo eta profesionalek aurrera egin dezaten estrategiak finkatzen laguntzen die eragileei.
Hileko lehen ostirala
Irtenbide berriak aurkitu behar izan dituzte museoek eta estrategia kulturalak bultzatzen dituztenek. Metodologia berrien ikerketa, museoen misioa eta balioak errespetatzea edo teknologiaren, museoen, hezkuntzaren eta komunikazioaren arteko aliantza dira irtenbideak, eta hori bideratzeko, REMEDek hileko lehenengo ostiraletan zeharka eztabaidatzeko gaiak jarri ditu ikusgai sarean: Ostiral REMED izena jarri diote ekimenari.
Eztabaida horien bitartez REMED teknikak sortu dituzte, museoentzako biziraupen-eskuliburua izango dena. Teknologia berriak eta gizarte profilak aldatu direnez, premia horiei erantzuteko estrategiak ezartzea dute helburu.