Lemniskataren Matematika Argazki Lehiaketako erakusketa, Igartzan
Bihar zabalduko dute erakusketa, 18:00etan; otsailaren 14ra arte egongo da ikusgai. Sari banaketa ere egingo dute. 240 argazki baino gehiago jaso dituzte, baita atzerritik
Lemniskataren Matematika Argazki Lehiaketako lanak ikusgai jarriko dituzte bihartik aurrera Igartzako Jauregian. 40 argazki egongo dira ikusgai, denera. Euskal Herriko argazkilarien lanez gain, atzerrikoenak ere bai: Kataluniakoak, Espainiakoak eta baita ere Irangoak. Turkiatik eta Vietnamdik ere jaso dituzte aurtengoan argazkiak.
Guztira, 65 egileren 241 argazki jaso dituzte. Iaz baino 43 argazki gehiago dira, nahiz eta pasa den edizioan herrialde gehiagoko lehiakideek hartu zuten parte.
Biharko inaugurazio ekitaldian sari banaketa ere egingo dute, segurtasun neurrietara egokituta. 18:00etan izango da, Igartzan. Zazpigarren edizioko irabazlea Jacinto Santamaria Perez espainiarra da, Probabilidades lanarekin: hamasei argazkiko collage bat da. Lehendabizikoan arrautza baten plano zenital bat ikusten da. Hurrengoetan arrautzaren inguruan koilarak daude, bakoitza desberdin jarrita. Azkenean, arrautza-ontzia hutsik ikusten da.
Bigarren saria Jose Ramon Luna De La Ossak irabazi du Abaco lanarekin eta hirugarrena, Jose Miguel Romero Barcok Casas Americanasekin. Manu Barreiro Rodriguezek irabazi du herriko saria, El Pescador de Inle argazkiarekin: arraunarekin ontzia gidatzeko lanetan ari den arrantzale baten argazkia da, oreka ez galtzeko eskuin hanka airean duela. Arrantzarako sare zilindriko baten barrutik aterata dago eta irudiari simetria ematen dio.
Argazkiak otsailaren 14ra arte egongo dira ikusgai. Handik Ordiziara joango da erakuste. Antolatzaileen helburua erakustea herriz herri mugitzea da, jende gehiengoarengana heltzeko.
Posta-zigiluen inguruako hitzaldia, bihar
Alexander Aginagalde matematikariak eta dibulgatzaileak matematikaren inguruko posta-zigiluei buruz hitz egingo du Lemniskataren Urtarrila matematikaren bila zikloko hirugarren eta azken hitzaldian. «Matematika ia arlo guztietan aurki daiteke: literaturan, arkitekturan, artean, eskulturan, magian, zineman… baita posta-zigiluetan ere», dio dibulgatzaileak. «Hitzaldi honetan, matematika eta posta zigiluen arteko konbinazio arraroan murgilduko gara herrialde ezberdinek inprimatutako matematika zigiluak aztertuz». Bihar izango da hitzaldia, 19:00etan, Igartzako Jauregian.
Aginagalderen hitzaldia euskaraz izango da. Jaiotzez aramaioarra da eta matematika ikasketak Leioako EHUren fakultatean egin zituen. Azken urteetan irakasle lanetan dabil. Dibulgazioaren lana azpimarratu du eta Lemniskataren zikloen garrantzia nabarmendu du, jakinduria gizartean zabaltzeko ahalmena duelako.