'Erroskilazaleen kluba' liburua Idiazabalgo etxe guztietara banatuko dute
Fideo, Xegunda, Txin-Txo eta Kaxkarreko buruhandien ipuinak biltzen ditu liburuak. Ane Murua, Mari Karmen Arostegi, Amaia Telleria eta Joseba Galarraga herritarrek idatzi dituzte istorioak
Gaurtik aurrera Idiazabalgo etxe guztietara liburu bana iritsiko da: Erroskilazaleen Kluba liburua, hain zuzen ere. Fideo, Xegunda, Txin-txo eta Kaxkarreko buruhandien ipuinak biltzen ditu. Udalaren ekimena izan da eta lau herritarrek idatzi dituzte ipuinak. Atzo egin zuten idazleek eta udaleko kultur zinegotziek liburuaren aurkezpena udal liburutegian.
Xegundaren istorioa Ane Murua Mujikak idatzi du eta, adierazi duenez, «teknologia eta elektrizitatean oinarritutako gizarte baten hausnarketa» da: «Teknologikoki oso aurreratuta gaude baina ipuinean agertzen den bezala, fenomeno atmosferiko gogor baten aurrean, kasu honetan elurte bat, salduta geratzen gara». Xegunda eta Finaren arteko maitasun istorioa ere islatzen du ipuinak.
Fideoren ipuina, berriz, Mari Karmen Arostegik idatzi du. Fideoz gain, Azeria pertsonaia ere agertzen da: «Bi pertsonai lagunkoi eta malguak azaltzea izan da nire asmoa, distantzia eta denbora tarteko izanda ere adiskidetasuna mantentzen dutenak, kultura desberdin-berdinetako herrikide izanik, norbere sustrai eta ohiturekiko begiruneak elkarbanatzen dituztenak eta batak bestearenarekin disfrutatzen dakienak», azaldu du Arostegik. Txin-Txoren pertsonaiari Amaia Telleria Mujikak heldu dio eta aurreiritzien inguruko hausnarketa egin du, umoreari eutsiz: «Askotan naturaltasun osoz eta asmo txarrik gabe, epaitzen ditugu besteak, haiek benetan ezagutzeaz arduratu gabe».
Azkenik, Kaxkarrekoren ipuina Joseba Galarraga Labakak idatzi du. Heriotzaren gaia landu du Urtza, amona Bixenta eta Kaxkarreko pertsonaien bidez: «Pozak partekatzen ditugun bezala tristurak partzekatzea ere tokatzen zaigu».
Ipuin kontaketa saioak
Idiazabalgo Udalak eskerrak eman dizkie lau herritarrei egindako lanagatik: «Haien lana baita liburuaren oinarria», adierazi du Aloña Barandiaran kultur zinegotziak. Sortutako bildumarekin ipuin kontaketa saioak egitea aurreikusi dute aurrez izena emanda. Datak aurrerago zehaztuko dituzte.