«Familiari idatzitako poemak libururako egindakoak dira»
Salsamendik (Alacant, 1995) 'El prologo de mi vida' poesia liburua kaleratu du, bere lehen lana. «Liburua esku artean izatea amets bat da». Beste bi proiektu ere baditu bidean.
Liburua lau zatitan dago banatua. Horietako bat zure familiari dago eskainia.
Familia nire ezinbesteko zutabeetako bat da. Beraiek gabe ni ez naiz ezer. Ama, aita, arreba, birramona… ikaragarri maite ditut.
Aitonari poema bilduma oso bat eskaini diozu.
Aitona niretzako oso berezia zen. Bera hil zenean erabaki nuen liburua kaleratu behar nuela, eta orduan hasi zen dena. Urtebete inguru kosta zait prozesu osoa, liburua kaleratu arte. Familiari idatzitako poemak propio libururako egindakoak dira. Triste nengoen uneetan idazten dudanez ez nuen egunero idazten. Hartu eta utzi ibili naiz.
Desamodioei ere idatzi diezu eta liburuak galtzaile arima deitu diozun 31 poemako atal bat du. Ez dira gai errazak.
Poztasunari baino, penari gehiagotan idazten diot. Ez dira gai atseginenak, baina gehiago gustatzen zaizkit. Poetek sarri landutako gaiak dira desamodioa, mina, tristura, iluntasuna…
Gustura gelditu zara emaitzarekin?
Oso gustura. Liburua esku artean edukitzea amets bat da. Gainera, irakurri dutenek esan didate asko gustatu zaiela eta horrek asko betetzen nau. Liburuaren bigarren edizioa otsailaren hasiera aldera helduko da eta geltoki pareko loteria postuan egongo da salgai. Nirekin harremanetan jarriz gero ere bidaliko diot liburua nahi duenari.
Lan gehiago etorriko dira?
Bi lan ditut buruan, biak poesia liburuak. Asmoa da bat aurten ateratzea. Ea posible den. Autoedizioa izango da ere kasu honetan.
Pentsatu duzu poesia ez den generorik lantzea?
Poesia errazago idazten dut, zuzenagoa delako. Ez dut inoiz probatu nobela oso bat idazten, gainera.
Liburuan diozu Andy y Lucas bikotearen letrak aztertzen hasi zinela idazten. Nolatan?
Andy y Lucasen abestiak asko gustatzen zaizkit, sakonak direlako. Beraien letrak aztertuz gero asko ikasi daitekeela iruditzen zait. Horrela hasi nintzen idazten, hamalau urterekin. Hasiera batean denbora-pasa besterik ez zen, zaletasun bat. 21 urterekin serioago hartzen hasi nintzen, ni ere helduagoa nintzelako eta nire poesiek beste sakontasun bat zutelako.
Gustatzen zaizkizu zure poesia zaharrak irakurtzea?
Ez, apur bat lotsatu egiten naute. Nahikoa sinpleak dira, azalekoak. Heldutasunaren aldaketa nabaritzen da.
Abestietatik liburura jauzi handia dago.
Egiari zor, poesia baino abestietarako letrak idazten ditut nik. Kontua zera da, ez dakidala musika instrumenturik jotzen melodiarik jartzeko eta abestu ere ezin dudala egin. Hobeto egokitzen naiz poesiara.
Musika asko entzuten duzu?
Flamenkoa asko gustatzen zait, Camaron bereziki. Hip Hopa ere entzuten dut.
Ingelesez?
Ez, gaztelaniaz. Esaterako, Kase.O asko entzuten dut. Gaztelaniazko letrak errazago ulertzen ditut eta errazago aztertzen ditut.
Liburua ere gaztelaniaz idatzi duzu.
Euskara ulertzeko zailtasunik ez dut, baina adierazteko ez dut horrenbesteko erraztasunik. Etxean gaztelaniaz egiten dugu. Sentimenduak gaztelaniaz hobeto adierazten ditut, naturaltasun handiagoarekin.
Nola idazten duzu?
Idazteko une zehatzik ez dut: goizetan, gauetan… denetik apur bat. Hori bai, beti musikarekin idazten dut, kaskoak jarrita. Musikak inspiratu egiten nau, isiltasunak ez bezala. Idatzi, eskuz idazten dut. Zahartuta nagoela esango didate, teknologiari bizkarra ematen diodala, baina nire eskuekin idaztea gehiago gustatzen zait. Azkarrago egiten dut, buruko ideiak zuzenean orrira eramaten ditut. Gainera, neureagoa sentitzen dut.