Goierrin ehun hildakoren muga pasa du COVID-19ak, izurritea hasi zenetik
Lehengo astean birusarekin hil ziren 5 goierritarrak batuta, guztira 104 dira hildakoak. Ordiziak 526ko intzidentzia tasa du, eta Zumarragarekin batera, ostalaritza itxiko du
Koronabirusaren izurritea Goierrin zabaltzen martxoan hasi zenetik 104 herritar hil dira. Hiru egunean behin, hildako bat da maiztasuna. Osakidetzak herenegun zabaldutako asteko zenbaketaren arabera, bost goierritar gehiago batu behar izan dira birusaren biktimen zerrendara, urtarrilaren 18tik 24rako tartean. Legazpin bi herritar hil ziren, Zumarragan beste bi eta Beasainen lagun bat.
COVID-19aren izurritearen hirugarren olatua azarokoaren malda berdintsua izaten ari da grafikan, eta hildakoen kopuruak ere laztasun bera adierazten dute. Orain arte, astekako estatistikei erreparatuta, azaroko lehenengo astean gertatu zen heriotza gehien, zazpi. Asko hurbildu da azken astekoa.
SARS-Cov-2 birusaren hilgarritasuna nabarmen handitzen da 70 urtetik gorako biztanleen artean. EAEn koronabirusa izan duten eta daukaten 135.442 herritarretatik 3.384 hil dira (%2,5). 60-69 urteko adin tartean %1,8koa da hilgarritasuna, 70-79 bitartean %6,6, 80-89 bitartean %17,2 eta 90 urte edo gehiago dituztenen artean, %26koa.
Goierrin, zahar etxeak kokatuta dauden udalerriek ageri dute hildako kopuru handiena, egoitza dagoen udalerri horretan zenbatzen baitira egoiliarren kasuak. Hala, martxotik lehengo igandera arte, koronabirusak jota Ordizian udalerri mailan 37 hil dira, Beasainen eta Zumarragan 23na, Legazpin 9, Urretxun 4, Lazkaon 2, eta Ataunen, Itsasondon, Legorretan, Ormaiztegin, Zaldibian eta Zegaman lagun bana.
Ordizia eremu gorrian
Koronabirus kasu positibo berrien kopurua hogeitik gorakoa izan zen, asteazkenean. 29 kasu gehiagorekin, 4.911 positibora iritsi da eskualdea. Aktibo dauden kasuak 318 dira, abenduaren 25etik gehiena. Eskualde osoko intzidentzia tasa 452,41ean jarri zen herenegun, asteartetik 19 puntu eta astebetean 47 puntu igota. Eremu gorriaren atarian da Goierri, beraz.
Atzoko datuen arabera, marra gorria pasatu duena Ordizia da. 526,32ko tasa eman du, azkeneko astean %66 hazita (29 kasu gehiago zazpi egunetan; herenegun, 3). Zumarraga da egoera berean dagoen eskualdeko beste udalerria, 682,21eko tasarekin. Ordizian ostalaritza itxi beharko dute gaur, eta eskola kirola bertan behera utzi.
Eremu laranjan eusten diotenak osasun eremuak dira. Nahiz eta Goierriko OSI Osasun Sistema Integratuak 505,85eko tasa duen Azpeitiaren 1.000ko intzidentziak eraginda, 500en azpitik daude Zumarragako osasun eremua (484), Ordiziakoa (445), Legazpikoa (422), Beasaingoa (375) eta eremu horian Lazkaokoa (291).
Zahar etxeetan txertoa jartzen amaitzera doaz
Espero baino motelago bada ere, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainaren lehenengo esparruko hartzaileak asteartean geratuko dira osatuta Goierrin. Adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta langileei txertoa ipintzen bukatuko dute. Atzo, Beasaingo Arangoiti egoitzan hartu zuten bigarren dosia. Datorren astean, astelehenean Legazpiko Santa Cruz egoitzakoen txanda izango da, eta asteartean, azkenik, Lazkaoko Txindoki egoitzakoena.
Osasungintzako langileak txertatzea da hurrengo pausoa. Urtarrilaren 15ean hasi ziren. Ondoren, eta herritar-talde zaurgarrienen lehen fasea osatzeko, beste adinekoak, botika jaso ahala.