Hamar ekintzaile berriri babesa eman die 'Ordizia zabalik' programak
Egitasmoaren helburua herriko merkataritza biziberritzea da. Elikagai, ostalaritza, moda eta osasun establezimenduak dira irekitakoak. 27.500 euroko diru partida bideratu du udalak
Ordizia Zabalik laguntza programaren zazpigarren deialdia abian jarri zuen Ordiziako Udalak duela gutxi, eta hamar ekintzaile berri batu dira. Programaren helburu nagusia da, herriko merkataritza biziberritzea, belaunaldien arteko erreleboa, negozio berritzaileak eta ekintzaileak erakarriz. 27.500 euro bideratu ditu udalak. Maitane Alvarez Sustapen eta Garapenako zinegotzia eta alkateordea, eta Aitor Velazquez, Merkataritzako teknikaria, izan dira aurtengo programaren onuradunekin.
Hamar negozio berri, eta hamar negozio ideia desberdin lagundu ditu Ordizia zabalik programak, elikadura, ostalaritza, moda eta osasuna dituzte ardatz, besteak beste. Herritarrek, merkataritza eskaintza zabalagoa dute jada, eta ondorengoak dira: Alberto Vesga, Sustrai frutandenda; Cristian Pop, Gastrobar Ipop taberna; Silvia Vecino, Serendipity arropa denda; M. Angeles Guerras, On Egin janari prestatua; Karlos Xabier Solis, KX Solis Osasun Zerbitzuak; Jhon Amechi, Pup Sarri taberna.; Laila Reghif, Haizpe taberna; Sucesses Aigbovo, Eloghosa elikadura; M. Carmen Cabeza, MCoach zerbitzuak; eta Lilian Elizabeth Cañete, La Favorita elikadura.
«Albiste pozgarria da herrian horrenbeste ekintzaile ditugula, eta programa baliagarria izan zaiela ikustea», azaldu du Alvarezek.
Guztira, 42 ekintzaile
Duela zazpi urte Ordiziako Merkataritza Eraberritze Plan Bereziak, Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzeko beharraren aurrean, Ordizia Zabalik laguntza programa abiarazi zuen. Merkataritza lokalei erabilera berriak emanez «ekonomia biziberritu zenez» horri jarraipena eman zaio hurrengo urteetan, zazpigarren deialdira iritsiz.
Orain arte, «guztira 42 ekintzaile izan dira laguntza-programan, eta ekintzaileen jarraipena %75etik gorakoa izan da, laguntza jaso dutenetik hamar bakarrik geratu dira bidean eta beste 32 negozioek aurrera egiteko aukera izan dute».
Ordiziako Udalak 27.500 euroko diru partida bideratu du urte honetarako, eta diru kopuru hori ekintzaileei lokalaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzeko erabiliko da, baita lokalaren erosketaren kasuan katastro-balioaren %4an laguntzeko, gehienez 3.000 euro. Alokairuaren kasuan, laguntza hori gehienez ere bi urtez jaso ahal izango da, 2020ko urtarriletik atzeraeraginezko izaerarekin: lehenengoan, udalak %40 finantzatuko du (300 euro gehienez hilean) eta bigarrenean %25 (hilean 200 euro gehienez).
Beste datu batzuetan ere sartu da Velazquez, Ordiziako merkataritza-dentsitatea nabarmendu baitu: «200 bat establezimendu ditugu Ordizian 10.000 biztanle baino gehiagorako». Hala eta guztiez ere, lehiakortasuna «indartu» nahi du udalak, eta udalerriko merkataritza-sektorea osatzen duten saltokien, zerbitzu-enpresen eta ostalaritza- establezimenduen jarraipena bermatu.