Udalbatzak datorren asterako utzi du ostalarien mozioaren ebazpena
Ostalarien mozioari EAJk beste mozio batekin erantzun zion. Zein mozio eztabaidatu behar zuten ados jartzen ez zirenez datorren asterako uztea erabaki zuten. Ez ohiko udalbatza egingo dute
Beasaingo Udalbatzak ez zuen ostalarien mozioa eztabaidatu eta bozkatu, datorren asterako uztea erabaki baitzuten. Erabakiak polemika piztu zuen eta, azkenean, bi geraldiren ostean, EH Bilduko zinegotziek plenoa utzi zuten. Eguneko gaien zerrenda osorik bozkatu behar dela zioten. Ostalarien ordezkariak, ordurako, joanak ziren, haserre.
Plenoa arin zioan: Igartza Literatura-sorkuntzako bekaren oinarriak eta mendekotasuna edo desgaitasuna duten beasaindarrentzako laguntzak aho batez onartu zituzten; lurralde batzordeko proposamena ere eztabaida handirik gabe irten zen aurrera, nahiz eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen; eta erakunde kolegiatuetarako udal-ordezkarien izendapena azkar ebatzi zuten. Ostalarien mozioa eguneko seigarren puntua zen. Eudeli, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari euren egoeraren berri ematea eta “ostalariok bizi dugun egoera ekonomikoari irtenbidea ematearren atzeraeraginarekin Gipuzkoako Ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eta berori bideratzeko beharrezko diru izapideak burutzea” eskatzen zuten. EAJren bidez tramitatu zuten eskaria, astelehenean. Atzo arratsaldean, ordea, EAJk beste mozio bat aurkeztu zuen. “Azken finean mezuarekin ados gaude. Mozioetan askotan pasatzen den bezela hitzak edo literaturak ezberdintzen gaitu”.
Leire Artola alkateak mozioa “mahai gainean” uztea proposatu zuen, bi mozioetako zein eztabaidatuko zuten argitu arte. Ostalarien ordezkariek argi esan zuten hilabete bat gehiago itxarotea gehiegi dela. “Gu oso egoera larrian gaude. Jendea oso estututa dago. Denok ados jarri behar duzue guri laguntza emateko”. Mozioa eztabaidatzeko eskatu zuten, lehendabizikoa, gai zerrendan zegoena. Izan ere, bigarrena aztertzeko denbora nahikoa ez zutela izan esan zuten, eta eurak ez zirela gai kolektibo osoaren izenean halako aldaketa bat onartzeko. “Guk desberdintasun handiak ikusten ditugu guk aurkeztutako testuaren eta guri aurkeztu zaigun erantzunaren artean”. EH Bilduk ere eztabaidatzeko eta bozkatzeko eskatu zuen: “Oso erreza da: bozkatzen da proposamen hau. Ez zaudetela ados? ez da ezer pasatzen. Hurrengo plenoan zuen kontramozioa ekartzen duzue eta hura bozkatuko da”. Artolak lehen geldialdia eskatu zuen eta EAJko eta PSE-EEko zinegotziek plenoa utzi zuten, nola jokatu talde txikian eta era pribatuan erabakitzeko. EH Bilduko zinegotziak areto nagusian gelditu ziren.
Tarte horretan ostalarien ordezkariak joan egin ziren, euren eskariak eztabaidatuko ez zituztelako kexaka. Azkenean, ia hamar minuturen ostean, zinegotziak euren postuetara itzuli ziren. Jarrera berbera zen, mozioa atzeratzea. EH Bildukoek hori ez zela posible zioten, bozkatu egin behar zela, eta eurek ere geldialdia eskatu zuten. Bi minutu egin zituzten areto nagusiaren kanpoaldean.
Atzoko plenoa idazkaririk gabe egin zen, arrazoi pertsonalak medio ezin izan baitzuen joan. Artolak, EH Bilduren geldialdia baliatuz, telefonoz deitu zion, ea mozio bat bozkatu gabe uztea legezkoa den galdetzeko. Baietz erantzun ziola esan zuen alkateak, nahiz eta halakorik sekula ez denez gertatu ezer idatzia ez dagoela. Nerea Manzisidor oposizio buruak zorrotz egin zuen: “Hemen gertatzen ari dena zera da: mozio honen aurrean EAJk bere ezezkoa edo abstentzioa eman aurretik edozer gauza egiteko kapaza da”. “Lotsagarria iruditzen zait. Lotsagarria zuen abstentzioa ez ematearren idazkariari deika ibiltzea bere egoera pertsonalean. Zientzia fikziozkoa iruditzen zait”. Koalizio abertzaleko bost zinegotziek plenoa utzi zuten desadostasuna adierazteko.
Ez ohiko udalbatza
Datorren astean ezohiko plenoa egingo dute, puntu bakarrekoa. Ikusteko dago, baina, zein mozioa eztabaidatuko duten. Zinegotzi guztiek datorren asteko bilerari dagozkion dietei uko egiteko konpromisoa hartu zuten. Udalbatza bakoitzak 3.000 euro inguruko kostua du.