Bisita mitologikoa egin dute gaur Igartzan
Belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititutako kondaira mitologikoak ezagutzeko aukera izan dute gaur Igartzara gerturatu diren bisitariek
Mundua nolakoa den azaltzeko mitologia eta kondairak erabiltzen zituzten aitzinean. Istorio eta sinesmen asko bidean galdu badira ere, badaude gaur egun oraindik jasoak gelditu diren hainbat kondaira. Igartzako Monumentu Multzoak egindako dokumentazio lanari esker, gaurko bisita gidatuan Beasain eta Igartzari lotuko hainbat kondaira ezagutu ahal izan dituzte gerturatu direnek. Igartzaren historia eta mitologia uztartu dituen bisita honetan besteak beste zurezko jauregia, ermita, errota eta burdinola ikusteko aukera ere izan dute bisitariek.
Guztira lauzpabost kondaira kontatu ditu gidariak. Ermita sarreran Euskal Herriko hainbat etxeetan eguzkiloreak egotearen arrazoia zein den azaldu du lehendabizi, eta ondoren Mari sorgina irudikatuta agertzen den margolanaren inguruko azalpenak eman ditu, ikuspegi kristau eta ikuspegi mitologiko batetik. Errotan Martin Txikiren inguruko kondaira azaldu du, artoarekin eta jentilekin lotutakoa. Amaitzeko, Burdinolan Lazkaoko jentil erraldoiaren eta Beasaingo olagizonaren artean gertatutako liskarra kontatu du gidariak.
Beste bisita gidatu batzuk
Gaur gerturatzeko aukerarik izan ez dutenentzat, otsailaren 6 eta 7an San Martin Loinazkoa eta Beasainen hastapenak izeneko bisita egingo dute, Beasaingo patroiaren historia eta garai hartako Beasain eta Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzeko. Erreserba egiteko 943 08 77 98 telefono zenbakira deitu edota igartza@beasain.eus helbidera idatzi beharko da. Helduentzako sarreren prezioa pertsonako 4€-koa izango da eta 5-12 urte bitartekoentzat (biak barne) 3€.