«Prebentzio neurriak egoki betetzen jarraitzeko» eskatu du Segurako Udalak
Azken egun hauetan pandemiak Seguran izandako igoera kezkagarriaren aurrean arduraz jokatzeko eskatu du Udalak
Segurako Udalak herritarrei helerazi dien komunikatu baten arabera azken egun hauetan pandemiak igoera «esanguratsua eta kezkagarria» izan du herrian, eta badirudi egun hauetan ere «goranzko joera nabarmena» duela.
Urtarrilaren 22an argitaratutako datuen arabera ehun mila biztanleko 260 kasuko tasa izan zuten segurarrek, eta urtarrilaren 29koen arabera 978koa. Datu hauen aurrean zazpi egunetan kasuek izan duten igoera «nabaria» izan dela adierazi dute.
«Kasu hauek ez dira fokalizatuak eta kutsatze komunitario baten aurrean egon gaitezke», azaldu dute komunikatuan. Datuak mahai gainean jarri eta gero, «prebentzio neurriak egoki betetzen jarraitzeko» eskatu eta zenbait aholku ere eman dituzte: «musukoen erabilera, eskuen garbiketa, distantziak mantentzea, lau pertsonako taldeak ez gainditzea…».
Egoera honek udalarengan sortutako kezka ikusita, hurrengo egunetako bilakaeraren arabera «neurri berriak hartzea» baloratuko dute herri eragile ezberdinekin batera.