Nekazari elkarte eta sindikatuak, Aralarko azienda kopuruak mugatzeko proposamenaren aurka
Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNEk eta Enbak batzarra deitu dute biharko Goizane zentroan, eta Enirio-Aralar Mankomunitateko eta Foru Aldundiko ordezkariak deitu dituzte bertara.
Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuek haien “desadostasuna eta haserrea” azaldu dute, azken egunetan abeltzainek Enirio-Aralar Mankomunitatearen izenean jasotako gutunen aurrean. Gutun horretan, mankomunitateak bere ordenantzak berritzeko asmoa agertu du, eta horren atzean, aziendak murrizteko helburua dagoela uste dute abeltzainek. Erabaki hori “bidegabekeria” dela eta modu arbitrarioan hartu dela uste dute, haiekin kontsultatu gabe. Gainera, EH Bilduk “nekazarioi emandako hitza jan” egin duela salatu dute.
Gutun horrek sortutako ezinegonaren aurrean, hiru eragile horiek batzarra deitu dute biharko, eta bertara joateko gonbitea egin diete Enirio-Aralar Mankomunitateko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei. Zaldibiako Goizane zentroan elkartuko dira, 15:00etan.
OHARRA:
Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuok Mankomunitateko abere azienda murrizteko helburuz EHBILDUk eman dituen urratsak salatu nahi ditugu
Aralarko mendira beren abereak igotzen dituzten abeltzainen izenean, Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuok gure desadostasuna eta haserrea azaldu nahi dugu azken egunotan hainbat abeltzainek jasotako eskutitzen aurrean, arrazoi ezberdinak tarteko, beren helburua azienda murriztea dutela ikusirik.
Mankomunitateak beren ordenantzak berritzeko beharra mahaigainean jarri eta elkarlanerako deia egin duen arren, abeltzainen ordezkariekin hitzegin gabe, azienda murrizteko eskatuz bidali ditu eskutitzak.
Bestalde, azienda murrizteko beharra justifikatuko zukeen balizko gainkarga ziurtatzen duen txosten teknikorik ez dago ez eta eskutitzak nori bidali justifikatuko duen txosten teknikorik. Beraz, abeltzainen ordezkariok, eskutitzak bidaltzeko erabakia bidegabekeria eta arbitrariotasunaren eredu ezinhobeak direla salatu nahi dugu.
Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuok Mankomunitatean udaletxeen gehiengoa sostengatzen duen alderdi politikoaren jokabidea salatu nahi dugu, EHBILDU alegia, 2019an mahaigaineratu zuen helburuarekin jarraitzen duelako, hau da, Mankomunitateko mendian dagoen abelburu kopurua murriztea.
EHBILDUk abeltzainoi emandako hitza jan egin du, zakarrontzira bota beharreko planak berreskuratu eta beste behin, abelburuak murrizteko helburua jarri du bere lehentasunen artean eta horren harira ulertzen dira, egunotan jasotako eskutitzak.
Gai hau jorratzeko, Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuok, Otsailaren 2an, asteartea, arratsaldeko 3retan, GOIZANEko areto nagusian egingo dugun batzarrerako deitu ditugu bai Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten udaletxe guztiak bai Gipuzkoako Foru Aldundia.