Romanescu eta Galparsoro, Gipuzkoako txapeldun
Nerea Galparsorok eta Octavian Romanescuk lehen postua lortu dute Gipuzkoako pista estaliko atletismo txapelketan, eta Nerea Tobarrek hirugarren egin du
Goierriko atletak emaitza onekin itzuli dira asteburuan jokatu den Gipuzkoako pista estaliko atletismo txapelketatik, urrezko bi domina eta zilarrezko bat lortuta. Octavian Romanescu eta Nerea Galparsoro izan dira lehen postua lortu dutenak, biak ere, 60 metroko abiadura probetan. Romanescuk (Real Sociedad) 6.90ko denbora eginda irabazi zuen finala; beste horrenbeste egin zuen Galparsorok (Atletico San Sebastian), 7.79ko markarekin. Biek ere, Madrilen jokatuko den Espainiako Txapelketa dute jomugan.
Txindoki taldekoen artean, Leire Tobarrek hirugarren egin du 60 metroko oztopo proban, 9.61ko denborarekin. Proba libreetan, ordea, denbora hori 9.39ra jaistea lortu du, eta martxoan Antequeran jokatuko den 20 urtez azpiko txapelketarako balio diezaioke.
Iraia Mendia eta Itsaso Estala lazkaotarrak ere finalerako sailkatu dira, eta 7. eta 8. postuak lortu dituzte hurrenez hurren, 400 metrokoan lehenak eta 60 metrokoan bigarrenak. Unai Mendizabalek 22. egin du 1.500 metrokoan, eta pisu jaurtiketan, Aratz Cendonek (14.34), Zuhaitz Sukiak (11.69), Uxue Artolak (11.07) eta Garazi Zubiaurrek (8.55) ere parte hartu dute.
Zazpi atleta Euskadiko Txapelketan
Gipuzkoakoaren ondoren, datorren larunbatean Euskadiko pista estaliko txapelketa jokatuko da Donostiako Belodromoan, eta zazpi atleta goierritar ariko dira bertan. Txindokitik, Irenia Apaolaza (400 metro), Nora Tobar (altuera jauzia), Iraia Mendia (800 metro), Itsaso Estala (60 metro) eta Ane Ormazabal (200 metro) ariko dira. Atletico San Sebastianetik, Nerea Galparsoro (60 metro) eta Real Sociedad taldetik Octavian Romanescu (60 metro) era lehian izango dira.