Dolarea berritzeko lanak hastear dira
Eszenatokia eraitsiko dute eta berdeguneak berdinduko dituzte, eremu zabalagoa eta irisgarriagoa lortzeko. Uztaila amaierarako amaitu nahi dute
Dolarea parkea eraberritzeko lanak datozen asteetan hasiko direla iragarri du Beasaingo Udalak. Otsailaren amaierarako lanak martxan egongo direla aipatu dute. Lanek 741.297,86 + BEZ euroko aurrekontua dute eta Moyua eraikuntza enpresak gauzatuko ditu. Obrek bost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten dute teknikariek, eta abuzturako denen eskura egotea da asmoa.
Eszenatokiaren eraispena eta berdeguneen homogenizazioa dira egingo diren aldaketarik handienak. Hala, espazioa zabalagoa eta irisgarriagoa izango dela esan dute. Zuhaiztiak indartu egingo dira, ingurua are berdeagoa izan dadin. «Dolarea parkea zaharberritzearen helburu nagusia Beasaini espazio publiko irisgarri, balioaniztun eta integratu berri bat ematea da, Igartzako Monumentu Multzotik pauso batera», diote udaletik.
Igartza Oleta kaleko espaloitik arrapala zabal bat eraikiko dute, gaur egun dauden eskailerak desagerraraziz. Sarbidea irisgarriagoa eta zabalagoa izango da eta Igartzako Monumentu Multzoan integratuago egongo da. «Oria ibaiaren iparraldeko ertzaren hiri-paisaia aberastuko du gune berriak», diote. Era berean, Igartza Oletako sarbide berriarekin lotura zuzena du aldaketak.
Uda garaian bi ur txorrota jarriko dira, haurrek jolastu ahal izateko. Kendu eta jarri egingo dira eta neguan jaso egingo dira.
Bestalde, Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia zinegotziak Beasaingo trenbide eremuaren garapen urbanistikoaren proiektuaren xehetasunak aurkeztu zizkieten EAJko Maribel Vaquero senatariari eta Iñigo Barandiaran diputatuari herenegun, bertatik bertara. Egin nahi diren aldaketak azaldu zizkieten haiek Madrilen defendatu ditzaten. Izan ere, Madril-Irun trenbide sarearen ibilbidea aldatu nahi denez Sustapen Ministerioaren oniritzia eta laguntza behar da.
Trenbidea Ugartemendiko magalera lekualdatu nahi dute, N1 errepidearen albora, herriaren hazkundea mugatu eta sakabanaketa eragiten duelakoan. Udalarentzat proiektu «erabakigarria» da.