Energia, etxeko gizarte zerbitzua eta hiri arauak, Ataungo erronkak aurten
Etxez etxeko zerbitzuaren diru hornidura laukoiztu egingo du udalak 2021erako. Udal aurrekontua aho batez onartu dute, 2 milioi eurokoa. Inbertsioak, laguntzen arabera
Aurreko ostegunean onartu zuen Ataungo Udalbatzak 2021erako udalaren aurrekontua. Aho batez onartu ere, EH Bilduk eta EAJk agintaldirako sinatu zuten akordioaren esparruan, eta beste herrietan oso gutxitan bezala. Denera 1.996.142 euro dira.
Aldaketa handiena, etxez etxeko zerbitzuaren diru sailak izango du. 10.000 eurokoa izatetik 42.000ra igaro da. Aldundiak zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak malgutu izanaren ondorioz, herritar gehiagok eskatu dute. Egunean gehienez hiru orduko muga kendu dute, adibidez. Larrialdi egoeran aurki daitezkeen herritarrei oinarrizko gastuetarako emateko diru laguntzak ere igo dira.
Egitasmoei dagokienez, Hiri Antolamenduko Plangintza berritzeari ekitea izango da lan garrantzitsuetako bat. 2005ekoak dira oraingo hirigintza arauak, eta legez berritu beharra daude. «Iaz ere aurrekontuan sartu genuen, baina ez zen hasterik izan. Aurten hasi nahi dugu, eta hiru-lau urtetan berritu», esan du Martin Aramendi alkateak.
Argiteria azterketa
Baserri bideak konpontzeko proiektuak ere iaz egin gabe geratutakoak izango dira. Aldundiak bertan behera utzi zuen laguntza ildoa. Ataunek aurkeztu zituen bost bideei helduko die aurten. Martxoan espero dute foru deialdia, eta ekarpen harekin hasiko dira lanean.
Bestetik, Ustatxo zeharrera edateko ura eramateko lanak egingo ditu udalak aurten, 30.000 euro hartarako jasota. San Martinen eta San Gregorion konpostagune bana jarriko dituzte (10.000 euro), proba gisa.
Baina etorkizunerako eragin aipagarria izan dezakeena energia beharrak eta kontsumoak zehazteko azterketa izango da. 60.000 euro bideratuko dituzte, bi ekintzatarako: kale argiteria berritzeko hirugarren faserako batetik; eta udal eraikinetan auditoriak egiteko, bestetik. «Hurrengo fasean, azterketen emaitzak kontuan hartuta, energia sortzea izango da egitekoa, udal eraikinetarako. Energia burujabetza lortzea da helburua».
Beste zenbait proiektu
Gizarte arloan, Berdintasun Plana diseinatzeko lana ere aurrera doa, Farapi enpresaren aholkularitzarekin. Tratu txarren eta eraso sexisten aurrean nola jokatu finkatzeko, protokolo bat onartzekotan dira lantaldean.
Kulturan, hilero emanaldi bat jartzeko dinamikarekin jarraituko du udalak, pandemiak gordin dirauen bitartean behintzat. Petti musikariaren kontzertua otsailaren 27an izango da.
Festetarako ere diru saila erreserbatu dute, nahiz oraindik ez jakin erabili ahalko duten. Iaz, auzo guztietako jaiak bertan behera utzi zituzten.
Lanei dagokienez, eskolako azpiegiturak eta aldagelak berritzeko hiru urterako plana zehaztu dute. Aurten lehen solairuko komunak berrituko dituzte. Udal brigadarentzat auto berria erosiko dute. Zirkulazioaren abiadura motelaraztea aztertu nahi du udalak, aldundiarekin.
Tamaina handiagoko obrak, diru laguntza deialdien arabera geratuko dira: Bikarioetxeko igogailua eta Botikaetxearen erosketa, esate baterako.