Errotatxo 'eraikin pasiboa' da
Errotatxo errota eta baserria berritzeko lanak martxan dira. 2020ko azaroan hasi ziren obrak eta aurtengo martxoan amaitzea aurreikusi dute. 'Passive house' ereduan oinarrituta zaharberrituko dute eraikin multzoa.
Iazko azaro inguruan hasi ziren Mutiloako Errotatxo errota eta baserria berritzeko lanetan. Eraikin multzoaren zaharberritze prozesuko lehenengo fasea 2014n egin zuten, teilatu eta pareten mantentze lanak eginda, eta bigarren fase honetan Passive house arkitektura ereduan oinarritutako lanak burutuko dituzte. Martxo inguruan amaitzea aurreikusi dute.
Ingurumena kontuan hartzen duen eredua da passive house delakoa. Etxe horien helburua ahalik eta energia gutxien kontsumitzea da, kalitate termiko handiko material isolatzaileak eta tenperatura erregulatzeko aireztapen sistema bereziak erabiliz. Horrela, berogailuaren kontsumoak ere behera egin ohi du horrelako eraikinetan.
340.000 euroko aurrekontua du proiektuak, eta hainbat diru laguntza jaso ditu Mutiloako Udalak erakunde publikoetatik. Izan ere, XIX. mendeko eraikin multzoa kultur ondare gisa babestuta dago. Batetik, Espainiako Sustapen Ministeriotik 185.000 euro lortu dituzte eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro eman dizkie.
Eraikinak izango duen erabilera oraindik zehaztu ez duten arren, errota erakusgai jarriko dutela eta panel informatiboak jarriko dituztela adierazi du Iñaki Ugalde alkateak, «Mutiloak meatzaritzarekin izan duen jarduera eta horrek izan duen garrantzia azpimarratzeko».
Ogia egiteko labea
Errotaren goiko aldean, goiko solairuan, ehungailua jarriko dute: «Herritar batzuk eman zuten eta berreskuratu egin dugu», azaldu du Ugaldek. Eraikinak ondare kulturala direnez, elementu batzuk bere horretan utzi behar izan dituzte lanak egiterakoan, errota bera edo leihoen itxura, adibidez. Labe zaharra ere berreskuratuko dute erabilgarri izateko: «Ogia egiteko martxan jartzea da asmoa».
Aipatutako diru laguntzez gain, aurten, 2021ean, beste laguntza bat lortu dute Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailetik egokitzapenak egiteko. Horren bidez, besteak beste, errotako atzeko zatia garbituko dute, labea martxan jarriko dute eta kanpoaldean argiteria eta irisgarritasun lanak egingo dituzte. 2021eko Mutiloako aurrekontuan ere sartuko dute errota txukuntzeko partida bat. Dena den, bigarren fasea amaitzean ekingo diote lan horri.
Tailerrak edo ekintzak
Alkateak azaldu duenez, bigarren fasea eraikinari «balioa» emateko izan da, «kasu honetan passive house-aren bitartez». Lanak amaitu eta eraikin multzo osoa erabilgarri dagoenean, zertarako erabiliko duten adostuko dute. Ondare aldetik erabilera eta garrantzia badu, baina ekintzak edo tailerrak ere egitea dute helburu, betiere proiektuaren oinarriari erreparatuta: «Passive house erabiliz egin denez eraikina, hori kontuan hartuta tailerren bat edo bestelako ekintzaren bat egitea; ideia asko ditugu baina oraindik ezer zehatzik ez, aukera asko daude».