Paradisuko atea ere itxi du naturak
Astebete da harkaitz handi bat askatu, eta Lizarrustitik Lareorako bidezidorrera erori zela. Oinezkoen bidea itxi zuen. Inork ez du minik hartu, mendizale eta eskalatzaile lekua den arren.
Ohikoak izaten dira toki harkaiztsuetan haitzen mugimenduak, hondoratzeak eta lerradurak. Gehiago Aralar den eremu karstiko eta karaiztunetan. Azkenekoa, ordea, jende asko ibiltzen den lekuan izan da, eta aho bete hortz utzi ditu amildura ikusi dutenak.
Ataunen, Aralarko parke naturalerako sarbideetako batean, haitz handi bat harkaitzetik askatu zen, lehengo astean. Lizarrustitik Lareorako bidezidorrean izan da, Akerretako tunela baino lehenago, parketxetik hamar-bat minutura. Bidexkaren gainean zutitzen den harkaitz bati puska erraldoiak jaulki zaizkio, eta bidezidorra erabat itxita utzi du.
Egundoko haitz potorrak erori dira, 5-10 metro garai direnak. Haitz handi bat 100 metro beherago erori da, malkarrean behera. Beste batek pasabidea itxi du, harekin batera etorri diren zuhaitz eta harritzarekin batera.
Asteazkenetik ostegunera
Alleko mendiaren magaleko harkaitzetan izan da mugimendua. Asteazkenetik ostegunerako gauean gertatu bide zen. «Asteazkenean 17:00ak aldera pasatu nintzen ni hortik, eta dena normal zegoen. Hurrengo goizean, eskalatzaile batek kontatu zidan nola erorita zegoen», esan du Lizarrustiko Parketxeko Joxe Ramon Agirre Marron-ek.
Naturaren fenomeno ohikoa den arren, izua eragiten du. Pandemiagatik jendearen joana asko urritu den arren, jendetza ibili ohi da bidexka horretan hara-hona. Bestetik, eskalatzeko tokia da, inguruko harkaitzak bezalaxe. Zutik geratu den alboko hormak ikusten dira eskalatzaileen euste-uztaiak.
Luiziak, Lareotik datorren ur-bidea eta hara doan argindar kanalizazioa ere apurtu ditu. Jarri dituzte horiek. Geologoek ikuskatu dute eremua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren teknikariak bihar joango dira berriz.
«Printzipioz, ez dago larritasunik edo gehiago erortzeko arriskurik. Horrek ez du esan nahi eroriko ez denik. Elurrarekin eta egin dituen izotz batzuekin, eta natura den moduan, erosio hori beti dago», dio Marronek.
Zartatua lehendik antzematen zitzaion haitzari baita albokoari ere. Plaka oso-osoa erori da. Ataungo harrobian lehen ere antzekoa gertatua da. «Jentilbaratzaren hegoaldera, plaka bat goitik behera etorri zen. Zirriztutik urak eragin ondoren, izugarrizko erorketa izan zen, orain dela urte asko», dio Marronek.
Aralarko jentilak aspalditik daude, beraz, haserre.