Beasaingo oinarrizko osasun eremua, gorrian
Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratuko du eremu gorrian dauden herrien zerrenda. Beasaingo osasun eremua gorrira pasatu izanak, Mutiloa, Ormaiztegi, Segura eta Zeraini eragin diezaioke.
Beasaingo osasun eremuko intzidentzia tasa 512,01 gaixoetaraino igo zen atzoko datuekin eta esparru gorria bilakatu da. Ondorioz, Mutiloak, Ormaiztegik, Segurak eta Zerainek eremu gorria izendatzeko hiru baldintzak betetzen dituzte: udalerriko intzidentzia tasa 500ekoa edo handiagoa izatea, oinarrizko osasun eremuko intzidentzia tasa 500ekoa edo handiagoa izatea, eta azken zazpi egunetan bi positibo baino gehiago izatea.
Segurak du egoerarik larriena. Azken astean 27 kasu atzeman dira eta intzidentzia tasa 2400dik gorakoa da. Ormaiztegin bost positibo jakinarazi dira azken astean eta Mutiloan eta Zerainen, launa.
Egoerak ez du berehalako aldaketarik ekarriko, eremu gorrian dauden herrien zerrenda gaur eguneratuko dutelako. Gaurko datuek egoera aldatu dezakete berriz, baina zaila izango da eremu gorria ekiditea. Kasu honetan, bihartik aurrera, ostalaritzak itxi egin beharko du eta taldekako kirolak debekatu egingo dute.
Ordizia, laranjan
Ordizia, berriz, eremu laranjara igaro zen atzoko datuekin; 476,66an dago intzidentzia. Gainera, duela bi aste positibo berrien datuak oso altuak izan zirenez, posible da datozen egunetan are gehiago jaistea. Aste-bete egin du herriak eremu gorrian.
Goierrin lau lagun hil ziren aurreko astean COVID-19arekin, Ordizian, Seguran, Urretxun eta Zegaman. Seguran jazotako lehen hildakoa izan da. Urtarril osoan hamabost lagun hil ziren.
Hainbat udal eraikin ixtea erabaki du Segurako Udalak, azken kasuengatik
Azken astean COVID-19 kasu positibo ugari atzeman dituzte Seguran. Osasun Sailaren azken datuen arabera, ostiraletik igandera bitartean 17 positibo atzeman zituzten, eta atzo 3 kasu gehiago agertu ziren. Intzidentzia tasa 2413,57koa da. Segurako Udalak ohar bidez adierazi du, Zumarragako Ospitalearekin eta Beasaingo osasun etxearekin harremanetan jarri direla eta segurar guztiei froga egiteko aukera mahai gainean jarri dutela: «Badirudi, ordea, gaur-gaurkoz baheketa hauek ez direla egiten eta osasun sailari dagokiola horrelako erabakia hartzea», azaldu dute.
Horrela, udalak neurri batzuk ezarri ditu aste honetarako: udalak antolatutako ikastaro, jardunaldi eta ekintzak bertan behera utzi dituzte, eta frontoia, Danon Gela eta liburutegia itxi dituzte. Konfinatutakoei laguntzeko bolondres taldea sortzeko deialdia ere egin dute.
Elkarteekin harremanetan
Udalak betiko ordutegia mantenduko du, eta «datuen jarraipen zehatza» egingo dute, bilakaeraren araberako erabakiak hartzeko. Udal instalakuntzei dagokienez, erabiltzen dituzten elkarteekin harremanetan jarri dira: «Hartutako erabakien inguruko informazioa elkarbanatu eta beraiei dagozkien erabakiak har ditzaten». Oharrean herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die udalak.