Enirio-Aralar Mankomunitateak argitu du 2016ko ordenantza betetzen ari dela
Aurreko agintaldian onartu zen ordenantzak arautzen du Aralarko azienda kopurua. 134 eskaera jaso dira eta 17ri eskatu zaie ezarritakoa bete dezatela.
Aralarko larreek hartu ahalko duten azienda kopuruaren bueltan sortu den polemikaren aurrean argibideak emate aldera, Enirio-Aralar Mankomunitatearen izenean oharra jaso du komunikabide honek. Bertan esaten duenez, «iragan legegintzaldian onartutako ordenantzak arautzen ditu Mankomunitateak ematen dituen baimenak eta horretarako baldintza eta eskakizunak ezartzen ditu»; hau da, lehendik ere indarrean zegoen ordenantzak dioena baino ez duela aplikatuko.
Enirio-Aralar Mankomunitatearen eta abeltzainen artean tentsioa sortu da azken egunetan. Abeltzainek Enirio-Aralar Mankomunitatearen izenean gutuna jaso zuten non jakinarazten zitzaien, maiatzetik aurrera Aralarko larreetara igotzea onartu zaien abelburu kopurua. Horrela geratuko lirateke 2021erako onartutako kopuruak: 964 behi (iaz 985); 14.382 ardi (iaz 14.885); 2.551 arkume (iaz 2.536) eta 726 behor (iaz 862). Murrizketaren arrazoiak ere azaltzen zaizkie.
Aralarko Baserritarren Elkartea, EHNE eta ENBA nekazal sindikatuek baina, ez dute ondo jaso, eta segituan erantzun zuten, haien «desadostasuna eta haserrea» azaltzeko. Une honetan, Enirio-Aralar Mankomunitatean EH Bilduk osatzen du gehiengoa, eta «nekazarioi emandako hitza jan» dutela aurpegiratu diote.
Mankomunitatearen izenean bidalitako gutunak sortutako ezinegonaren aurrean, hiru eragile horiek batzarra deitu zuten astearterako, eta bertara joateko gonbitea egin zieten Enirio-Aralar Mankomunitateko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei.
Bitartean, Goierriko EAJk ere altxatu du ahotsa. Ganaduzaleen alde eta EH Bilduren kontra egin du, esanez, batzarrean gehiengoa duen EH Bilduk mankomunitatea «bahituta» daukala. Eskutitzean, ganaduzaleen arabera, aziendak «murrizteko» erabakia ez du ontzat jo EAJk: «Ez dugu erabaki hori onartzen, Mankomunitatean ez delako irizpide aldaketa hori eztabaidatu eta ez dugu inola ere babesten».
Indarrean dagoen ordenantza
Horri guztiari erantzunez, Enirio-Aralar Mankomunitateak sinatuta argibideak eman ditu, herenegun, nekazal sindikatuek deitu zuten bileraren egun berean igorritako oharraren bidez. Bertan esaten duenaren arabera, aurreko agintaldian onartu eta indarrean dagoen ordenantza aplikatu baino ez du egin. «Erabaki hori ez da legegintzaldi honetan hartu, aurrekoan baizik», azaldu zuen. 2016ko urriaren 19an eman zion onarpena ohiko deialdian egindako bilkuran, eta zegokion erakustaldi publikoaren ondoren, 2017ko apirilaren 19ko ohiko bilkuran onartu zuen behin betiko.
2021erako 134 eskaera jaso dira, abeltzain eta artzainen artean, eta horietatik 17ri eskatu zaie iragan legegintzaldian onartutako ordenantzaren 12. Artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Komunikakabide honek mankomunitatearen izenean jaso duen oharraek esaten du, «bestalde, ordenantza betetzen duten artzain askok eskatu dute ordenantza betetzea, izan ere, buru gutxien duten artzainak eta abeltzainak kaltetuak ateratzen direlako ordenantzak ezarritako mugak gainditzen dituztenen aurrean, larreen banaketa egiterakoan buruen arabera eskubide gehiago aitortzen zaizkielako eta laguntzak horren arabera banatzen direlako».
Kontutan hartzen bada «ardien eskaerak beherantz egin dutela, ordenantza betearazita artzainek, batez ere artalde txikienak dituztenak, hektarea gehiago jasoko dituzte banaketan».