Euskalduntzeari segida enpresan emateko garaia da, adituen iritziz
Gazteak euskalduntzeko hamarkadatan egin den lanak jarraipena lan munduan izan behar du. ’Euskaraz, talentua gara’ egitasmoan azaldu dituzte jarraibideak
«Hamarkadatan gazteak euskalduntzeko egin den ahaleginari enpresa munduan segida emateko garaira iritsi gara. Inoiz baino aukera gehiago dago horretarako, inoiz baino prestatuago baitaude ikasleak hezkuntza arautuko ibilbidea lan munduan ere eleaniztasunean garatzeko». Ondorio horixe nabarmendu daiteke Euskaraz, talentua gara egitasmoaren harira urtarrilaren 18an eta 22an Goierriko, Tolosaldeko, Debagoieneko eta Debabarreneko enpresari, alkate, zinegotzi eta teknikariei eman zizkieten bi hitzalditatik.
Eibarko UNItik zuzenean, hizlari aritu ziren Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketako zuzendari Nicolas Sagartzazu, aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendari Iker Estensoro, Laneki elkarteko presidente Ainitze Blanco eta Emun kooperatibako aholkulari Aiora Filarmendi eta Amaia Balda.
Euskarazko ikasketek etenik izan ez dezaten, garrantzitsutzat jo zuten enpresek Lantokiko Prestakuntza Duala euskaraz egiteko aukera ematea. Hizkuntza kudeaketa aurreratuko hainbat tresnaren berri ere eman diete enpresei: Geomapa (prestakuntza duala euskaraz eskaintzen duten enpresen mapa), Zigilua (eskaintza hori egiten duten enpresarientzako aitortza) eta Autodiagnostikorako tresna.
Erabilera neurtzeko
Autodiagnostiko tresna, hain zuzen, enpresan euskararen presentzia eta erabilera nolakoa den neurtzeko galdetegia da. Lantegi barruan euskara sustatzeko, abiapuntu baliagarritzat aurkeztu dute adituek. Emun-eko teknikariek, beren aldetik, enpresen gizarte erantzukizuneko helburuen artean kokatu beharreko hartu dute euskara sustatzea.
Kudeaketa aurreratua eta euskararen sustapena aurkezteko Euskaraz, talentua gara egitasmoa Arabara eta Bizkaira zabaltzea aztertzen ari dira orain, aipaturiko erakunde eta enpresa bultzatzaileak.