Mintzalagun ekimenera lazkaotar gehiago batzeko deia egin dute
Mintzalaguna egitasmoaren Lazkaoko eragileek laguntzaile eta partaide gehiago behar dituztela jakinarazi dute. 2021erako beste aukera batzuk jarri nahi dituzte, euskaraz hitz egiteko xedea duen Mintzalagunean. Horretarako, parte hartuko duten jende gehiago behar da.
Euskaraz hitz egin nahi dutenei, edota euskaraz aritu nahi dutenei aukera eta laguntza eman nahi dutenei begira sortutako zerbitzua da. «Neurriko plana» egin, eta solasaldi, paseo edo ekintzen bidez mintzapraktikan ariko dira partaideak, euren gisara. Parkelagun eta Pintxopotelagun aukerak ere badaude.
«Ez dago euskara irakaslea izan beharrik, ez dago euskara batuan hitz egin beharrik. Euskaraz komunikatzeko gai izatea eta gogoa, borondatea besterik ez dira behar», aurreratu dute Mintzalagunen bultzatzaileek.
2005etik zerbitzua
Lazkaon 2005ean sortu zuten Mintzalaguna, izen horrekin. Ehunka lagunek izan dute euskaraz aritzeko aukera, bai euskaldunberriek, bai herdoilduxea zeukatenek. Udala, ikastola, Maizpide eta Gerriko elkartea dira sustengatzaile.
Parte hartzeko (gerrikokultura@gmail.com, 943 16 02 82) eta proba egiteko eskatu dute.













