Naturak babestuko ditu
Zuhaitz eguna izan dute Itsasondon. 150 bat adaxka landatu dituzte trenbide alboko parkean hesi bizia eraikitzeko
Adaxkak eta atxurrak banatzen dabiltza Itsasondoko plazan. 50 bat lagun dira denera, gehienak haur txikiak dituzten familiak. Gazteenek dute ganorarik handiena eta beraientzako tamaina egokia duten lanabesak hartuta azkar abiatu dira trenbide ondoko parkera. Hesi bizia eraikiko dute bertan, parkea eta trenbidea bereizteko. “Urtero egiten dugu ekimen bat naturaren alde”, dio Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak. “Trenbidea eta parkea bereizten zituen zuhaitzak kendu arazi zizkigun Adifek, altuegiak zirelako eta trenbidera erortzeko arriskua zutelako. Horiek ordezkatuko ditugu”, dio Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak. “Urtero egiten dugu naturaren aldeko ekimen bat. Aurten, Zuhaitz eguna baliatuta, heskai bizia egiten hasiko gara”.
150 adaxka landatu dituzte, gutxi gorabehera, hamaika espezie ezberdinetakoak. “Guztiak bertakoak dira, Euskal Herrikoak”, gaineratu du Aizpuruk. 100 metroko hesia osatuko dute etorkizunean. Bidea, gaur hasi dute. “Mantentzeaz udaletxeko langileak arduratuko dira, baina gustatuko litzaiguke herritarren laguntza izatea. Norberak landu duena bereziagoa izaten da, eta hazten ikustea ederra da”. Gainera, gaztetxoenak naturarekin harremanetan hazteko ere balio du ekimenak.
Euriak ez ditu kikildu eta gogor egin dute lan bertaratutakoek. Amaitutakoan, hamaiketakoa jan dute elkarrekin, indarrak berreskuratzeko. Ez omen dago auzolan onik elkarrekin mokadurik jan gabe, aipatu du Aizpuruk.