Ostalarien aldeko aldarriak batu ditu
Urretxuko eta Zumarragako ostalariek "kalte-ordainak" eskatu dituzte, beste behin. Gogor egin dute politikaren aurka. 2021a ere beltza izango dela aurreikusten dute
“Laguntzak baino gehiago ordainsariak behar ditugu. Kalte-ordainak. Negozio itxiek galerak besterik ez dituzte sortu”, eskatu dute ostalariek Zumarraga eta Urretxuko ostalarien aldeko mobilizazioan.”[Politikariek] Ez dituzte kontutan hartu eduki ditugun galerak: ez Gabonik, ez herriko jairik, ez santalutzirik, ez inauteririk, ez kintadarik, ez ospakizunik… ez zaizkigu kontuak ateratzen”.
Gogor egin dute politikarien aurka. Pandemiaren kudeaketa txarra egin dutela leporatu diete eta ostalariak ari direla kalteak ordaintzen. “Agintariek emandako ordutegi, distantzia eta murrizketen etengabeko aldaketekin ostalariak zoratzen ari gara”. Irekiera baldintzak jasanezinek direla diote. “Gutako askok lokalak itxita mantentzea nahiago genuen” aitortu dute. Baina politikariei egotzi diete nahiago izan dutela ostalaritza hala moduz irekitzea “limosna” ematea baino, “beraien poltsikoak ukitu gabe”. Trukean, “oso laguntza gutxi” iritsi direla kexu dira. Gainera, iritsi diren apurrak ostalarien presioaren ondorioz iritsitakoak direla esan dute, “ez borondatez emandakoak”.
Negozio askorentzat jada berandu dela ohartarazi dute. “Gaueko ostalaritza hilda dago. Terrazarik gabeko tabernak ere bai. Aterpea eta terraza duten tabernak gelditzen dira”. Hauen etorkizuna ere beltza izango dela aurreikusten dute: “Errentagarriak al dira terrazak neguan? Errentagarriak al dira bezerorik gabeko negozio horiek?”. Itxiera ordutegiarekin ere ez daude ados: “Bideragarria al da 20:00etan ixtea?”. Kexu dira askorentzat gehien fakturatzen duten orduak direla moztutakoak.
“Borrokan jarraitu behar dugu”, gaineratu dute. “2021a 2020a bezain txarra izango da. Egunak pasa ahala, egoera geroz eta zailagoa da guztiontzat. Arazo ekonomikoak, larritasuna eta estresa geldiezinak dira”. Herritarrei mobilizazioetan parte-hartzeko eskatu diete, eta gaurkoan alboan egotea eskertu diete, eguraldi txarra egin arren. Gizartetik presio eginda besterik ez direla emaitzak lortuko azpimarratu dute, “gure oihua entzutea horrela bakarrik lortuko dugu”.
Bi adar
Testu bakarra irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, manifestazio bakarra izan dela irudikatzeko. Halere, bi adarretan zatituta egin dute manifestazioa: urretxuarrak Urretxutik eta zumarragarrak Zumarragatik, ezinbestean. Antolatzaileek beste herrietako ostalariak bertaratzeko deia egin zuten, manifestatzeko eskubidea itxialdiaren gainetik dagoela esanaz. Azkenean, ordea, bakoitza bere herrian manifestatu daitekeela argudiatuta galarazi egin zieten herritarrak nahastea. Dozena bat ertzainek, bi herrietako udaltzainak eta beraien autoek bi herrien arteko muga bereizi dute. Zinta bat ere jarri dute.
Jendetsua izan da manifestazioa. Aurretik, ohiko legez, banatzaileek karabana egin dute. Ostalariak horiz jantzita joan dira, sektoreak zenbat jende ordezkatzen duen ikustarazteko. Hainbat pankarta eraman dituzte, ostalaritzaren aldeko mezuekin. Oihuak ere egin dituzte: “Zuk ixten gaituzu, zuk ordainduko diguzu”;”Langileak gara, ez gaizkileak”, tartean.