Aia-Urkillaga errepidean hondoratutako bi gune kopontzea onartu dute
Aia auzoa baino lehen dagoen lerradura eta hilerritik gorago dagoena sendotzeko harrizko hormak eraikiko ditu aldundiak. Betelan bat ere egingo dute. 1,4 milioi euroko kostua dute obrek
Ataungo Aia auzotik Urkillaga mendatearen gainerako errepidea konpontzeko prozedura ari da exekuzio fasera hurbiltzen. Oraindik ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egiteko kontsulta garaian dago, eta, obrak hasi arte hilabete batzuk igaroko diren arren, proiektua zehaztuta dago.
Lerradurak edo lur mugimenduak izandako bi gune sendotuko dituzte, errepidea hondoratutako pareetan harrizko hormak eraikita. Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu lanak, eta 1.403.808,05 euroko aurrekontua izango du.
Proiektuaren arabera, Aiako plazara iritsi baino beheraxeago dagoen lerradura, eta auzoko hilerritik Urkillaga gainera bitartean dagoen hondoragunea konponduko dituzte, Gi-3151 errepidearen 1,370-1,470 kilometro puntuen eta 2,270-2,350 kilometro puntuen bitarteetan. Lanak egiteko sei hilabeteko epea ezartzen du proiektuak.
Auzoaren barreneko lerradura sendotzeko, Aiaetxeberri etxerako bidea ateratzen den parean (Arbilleta baserriaren azpian), errepidearen eusgarri 90 metro luzeko horma eraikiko dute. Oinarrian hormigoizko zapata bat botako dute, 5,75 metro zabalerakoa eta 2,50 metroko altuerakoa. Karearrizko eta hormigoi-masazko lubeta altxatuko dute 6,5 metroko altuerara arte.
Lur lerradura izandako erdiko zatian 50 metroko horma egingo dute, eta bi alboetan, 20na metroko luzerako beste bi lubeta.
Betelana ere bai
Bigarren hondoragunea dagoen eremuan, Begiristain baserri azpian, hilerria baino goraxeago, berriz, 68 metro luzeko kontrahorma bat eraikiko dute. Han ere hormigoizko zapata zabala botako dute, eta harrizko lubetak 6,5 metroko garaiera hartuko du, hormigoirik gabekoa hura.
Lanak hasten dituztenean, eta zirkulazioaren pasabidea ziurtatzeko, kontrahormak aldiko 6 metro luzeko zatika banatuta egingo dituzte.
Bi eremuak industuta ateratako soberako lurrak eta harriak biltzeko, berriz, betelan bat ere aurreikusten du proiektuak. Aiaetxeberriko bidearen eta Gi-3151 errepidearen barrenean sortuko dute soberakinen depositua. 4.030,27 metro koadroko azalerako lur saila hartuko du, eta gehienez 16.323 metro kuboko edukiera izango du.
Lurrarekin 2 metrotik 5era arteko lodiera pilatuko dute han; ateratako harriak, berriz, lubetak egiteko aprobetxatuko dituzte. Aibelar errekastoa pasatzen da betelan sailaren sakonean.
Lur mugimenduak eta ezegonkortasun geologikoak aspaldikoak dira Aia-Urkillaga errepidean. Euroestudios enpresak 2008ko abenduan idatzitako txosten geoteknikoan, mota eta indar ezberdineko 10 zati ezegonkor identifikatu zituen, Aia auzotik Urkillagara.