Bi adar, baina mezu bakarra
Bi adarretan zatituta, baina mezu berarekin. 'Ostalaritza aurrera' lemapean protesta jendetsua egin dute sektoreko langileek Urretxun eta Zumarragan, bizi duten egoera «jasanezina» salatu eta kalte-ordainak eskatzeko.
Laguntzak baino gehiago ordainsariak behar ditugu. Kalte-ordainak. Negozio itxiek galerak besterik ez dituzte sortu». Hitz horiekin azaldu zuten ostalariek bizi duten egoera, Urretxuko eta Zumarragako kaleetan barrena egindako mobilizazioaren ondoren. Manifestazioa bi adarretan banatuta egin behar izan zuten, urretxuarrak batetik eta zumarragarrak bestetik, ezinbestean. Antolatzaileek beste herrietako ostalariak bertaratzeko deia egina bazuten ere, azkenean, galarazi egin zieten herritarrak nahastea, bakoitza bere herrian manifestatu daitekeela argudiatuta. Dozena bat ertzainek, bi herrietako udaltzainek eta beraien autoek bi herrien arteko muga bereizi zuten.
Protestaren amaieran, politikarien aurkako hitz gogorrak izan dituzte ostalariek. Pandemiaren kudeaketa txarra leporatu diete eta ostalariak ari direla kalteak ordaintzen. «Agintariek emandako ordutegi, distantzia eta murrizketen etengabeko aldaketekin zoratzen ari gara». Irekiera baldintzak «jasanezinak» direla diote, eta «oso laguntza gutxi» iritsi direla.
Borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute. «2021a 2020a bezain txarra izango da. Egunak pasa ahala, egoera geroz eta zailagoa da guztiontzat. Arazo ekonomikoak, larritasuna eta estresa geldiezinak dira». Herritarrei ere, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete.
Auzitegi Nagusiaren epaia
EAEko Auzitegi Nagusiak gaur aztertuko du ostalariek Lehendakariaren azken dekretuaren aurka jarritako helegitea. Sektoreak 240 milioi euroko galerak izan dituela diote, eta haiek ez direla kutsatzeen igoeraren errudunak. Auzitegia 09:30ean bilduko da, eta gaur bertan emango dute erabakiaren berri.