Hanburgon erabiltzeko zortzi autobus egingo ditu Irizar e-mobilityk
Irizar Taldeko Irizar e-mobility enpresak eskaera berri bat izan du: zortzi autobus elektriko entregatuko ditu Hanburgon (Alemanian). Bertako Verkehrsbetriebe Hamburg-Holstein GmbH operadoreak erosi ditu zortzi autobus horiek, eta datorren urtean, hau da, 2022ko lehen hiruhilekoan entregatzea aurreikusi dute. Irizar e-mobilityk ICB Frankfurt eta Rheinbahn Düsseldorfekin kontratuak sinatu izan ditu, baina Alemania iparraldeko enpresekin sinatzen duen lehenengo kontratua da: «Eskaera berri honekin Irizar e-mobilityk bere elektromugikortasun soluzioak zabaltzen jarraitzen du herrialde germaniarrean», azaldu du enpresak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez.
Alemania iparraldeko bigarren garraio enpresa da, 2.100 langile eta 677 autobus ingururekin. 155 autobus lineatan egiten dute lan eta 106,6 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu urtean.
12 metroko luzera
Autobus elektrikoen salmenta eta salmenta osteko zerbitzuak eta kargarako azpiegiturak eskaintzen ditu Irizar e-mobilityk Alemaniako, Austriako eta Suitzako merkatuetan Ferrostaal Equipment Solutions-en bitartez. Azken eskaera honetan 12 metroko luzera duten 30 eserlekuko autobus elektrikoak entregatuko dituzte, bi karga puntu dituztenak.













