Sei herrik eremu gorrian jarraitzen dute, Mutiloa bakarrik atera da
Asteburuan 44 positibo atzeman dituzte Goierrin. Eguneroko bataz bestekoa jaitsi egin da aurreko astetik hona. Aholku batzordea ostiral honetan bilduko da.
Azken asteetako goranzko joerari buelta eman eta beheranzko bidea erakutsi dute asteburuko datuek. Guztira 44 kasu atzeman dituzte ostiraletik igandera (aurreko asteburuan 84 izan ziren), eta egunez eguneko bataz bestekoa ere nabarmen jaitsi da. Eremuei dagokionean, sei herrik jarraitzen dute gorrian eta ostalaritza ixteko neurripean; Mutiloa da ostiraleko zerrendatik atera den herri bakarra.
Herriz herriko datuei eta eragin tasari begiratuta, ez da aldaketa handirik izan ostiraleko txostenetik atzokora. Herririk handienen artean, bostehuneko langaren gainetik daude Legazpi (689,74), Urretxu (688,24) eta Zumarraga (621,12), eta horrenbestez, neurri gehigarriekin jarraituko dute. Txikiagoen artean, hiru herrik betetzen dituzte neurri horiek aplikatzeko hiru baldintzak: Ormaiztegik (705,33), Segurak (2739,73) eta Zerainek (1824,82). Mutiloa ere 500eko mugaren gainetik dago, baina hiru baldintzetatik bi betetzen ditu, azken astean ez baititu bi kasu baino gehiago izan.
Goierri-Urola Garaia ESIko eragin tasa 513,74koa da gaur gaurkoz. Osasun eremuka, Beasaingoak (525,25), Legazpikoak (661,87) eta Zumarragakoak (591,78) gainditzen dute muga; Lazkaoko (244,93) eta Ordiziako (244,9) osasun eremuak, aldiz, egoera hobean daude.
Labiren bilera, ostiralean
Positibo berrien kopuruak behera egin badu ere, datu horiek zuhurtasunez hartu behar direla azaldu dute arduradun politikoek. Ostiral honetan elkartuko da Labi aholku batzordea, urtarrilaren 25etik indarrean dauden neurriak mantendu ala aldatuko dituen erabakitzeko.
Bilera horri begira, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea «zuhur jokatzearen alde» agertu da. Hartuko dituzten erabakiak «pandemiaren eta kutsatzeen datozen egunetako bilakaerak» baldintzatuko dituela dio. Edonola ere, «egoerak zorroztasunez jokatzen jarraitzea» eskatzen duela uste du, eta herritarrei gogorarazi die «pazientzia eta denbora» beharko dela egoerari buelta emateko.