Sortzaileek bultzada jaso dute
Arteria proiektuak Arterialdia jardunaldia egin du Legorretako udal antzokian. Urte honetarako ildoak markatu eta hiru proiektu diruz lagunduko dituztela iragarri dute
Lehen Arterialdia jardunaldia egin zuten larunbatean, Legorretako Herri Antzokian. Amaia Iturriotzen eta Maite Arboniesen, Josu Marotoren eta Beasaingo Andramendi Ikastolako DBH2ko ikasleen proiektuak izan ziren Arteriako diru laguntzak jasotzeko hautatuak, eta bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu.
Antzerki emanaldiak, zuzeneko musikak eta bertsoek girotutako ekitaldia izan zen lehen Arterialdia jardunaldia. Goierriko sortzaileei tokia eta babesa ematera datorren Arteria fabrikak antolatuta. Indarrak batu eta sortzaile horiek saretzeko helburuarekin sortu dute fabrika, eta jardunaldia bera, besteak beste.
Bide horretan, proiektu desberdinak garatu ahal izateko giltza eman zieten sortzaileei, hala, proiektu horiek garatzeko diru laguntzak banatu zituzten. Iker Zinkunegi antolakuntza lanetan aritu denak hala jakinarazita, «guztira 22 proiektu» aurkeztu dira, «maila oso altuko lanak guztiak». Horietatik hiruk jaso dute diru laguntza. Dena den, jardunaldi honetan aurkeztu diren sortzaile guztiak oso kontutan hartuko dituztela esan zuen antolakuntzak; aurkeztutako lan guztiak katalogo batean bilduko dituzte eta herriz herri erakusketak egitea da asmoa.
Lehen jardunaldia, bi kategoriatan banatuta egon da. Arteria Plataformako lehen saria, Iturriotzek eta Arboniesek irabazi dute. Lehena bertsolaria da eta bigarrena, marrazkilaria: «Bizitzan aurkitutako emakumeen aurpegiak marraztu zituen arkatzez eta, gero, akuarelarekin, naturako elementuak gehitu zizkien. Biolentzia handia jasaten duten bi elementu dira bai emakumea eta bai natura. Nik, irudi bakoitzari, poesia txiki bat egin diot», azaldu zuen Iturriotzek bien izenean, Arboniesek ezin izan zuen sari banaketara agertu. Erakusketa formatuko lana da ondu dutena. «Gure asmoa da erakusketa batzuk sortzea, errezitaldi batzuekin, bai irudia eta bai hitza elkar hartuta».
Beasaingo ikastola
Bigarren saria, berriz, Marotorentzat izan zen. Hunkituta jaso zuen saria, Omar lagun pakistandarra eta proiektuko protagonistetako bat alboan zuela. «2019ko Gabonetan Pakistanera egindako bidaia bat du oinarri nire proiektuak. Han bildutako materialarekin zerbait egin nahi nuen eta Urretxuren eta Pakistanen arteko konexioa nolabait erakutsi nahi nuen», esan zuen. «XIX. mendeko bidaia koadernoen antzeko zerbait egitea otu zitzaidan». Maiatzean erakusketa zabalduko du Urretxun, baina materialari liburu formatua eman nahiko lioke laguntzarekin. Omarren eta bere emaztearen egoera ere salatu nahi du lanarekin, urtebete baino gehiago baita ezkondu zirela baina oraindik ere milaka kilometrotara bizi dira, elkar ikusi gabe, autoritateek ez baitiote Goierrira etortzeko baimenik ematen.
Beasaingo Ikastolak bereganatu du Arteriako bilatzailearen erabilera sustatzeko beka. «Sortzaile asko dago hemen, baita ere profesionalak. Gu hezkuntza alorretik gatoz. Ikasleek egindako proiektu bat da», azpimarratu du Izaskun Salazar irakasleak, ikasle guztien ordezkari gisa. «Gazteei ere kulturaren mundura sarrera bat eman behar zaie. Ikasle eta guraso batzuen eskutik etorri zen Arterian proiektu bat aurkeztekoa». Koreografia bat asmatu dute Aurtzaka dantza taldekoekin batera; ondoren, jantziak prestatu dituzte herriko beste sortzaile batzuekin, argazkiak ere egin dituzte… «Ez da gauza erraza halako proiektu bat garatzea» esanda ikasleei eskaini zien saria.
2021.urtea, «garrantzitsua»
Diru laguntzak banatuta, jardunaldiaren balorazio «oso positiboa» egin du Zinkunegik, «bai aurkeztu diren proiektu kopuruagatik, bai proiektuen kalitateagatik, proiektu erabat interesgarriak baitaude, eta bai jardunaldia beragatik». Sortzaileentzat laguntza hauek momentu oso berezian datoz gainera: «Egoera normalean urte amaieran egitea zen asmoa, baina azkenean posible izan da».
Larunbatekoaz harago, Arteria proiektuaren zertan den azaldu du Zinkunegik: «Sortzaileen saretze lan garrantzitsua egiten ari gara eta 2021. urtea, urte oso garrantzitsutzat jotzen dugu, sarea hor dago, baina egotetik izatera pasatzea nahi dugu, eta horretarako ekitaldi desberdinak antolatuko ditugu, ezberdinen arteko elkarlana eta elkar ezagutza sustatzeko. Arlo desberdinetan formakuntza eta parte hartze prozesuak ere egingo ditugu. Identifikatuko ditugu ibilbide luzea duten sortzaileen eta sortzaile hasi berrien beharrak, beste kolektibo batzuei ere tokia egingo zaie, adibidez dantza taldeak, museoak, ikastetxeak… ideia asko ditugu».
Bukatzeko Zinkunegik gehitu du, Arterialdiaren bigarren diru laguntzak eta jardunaldia ere antolatuko dutela aurten, «dudarik gabe». Laguntzak ematen jarraitzeko «finantziazio iturriak handitzea» espero dutela dio eta horretarako «lanean hasiak» direla.