Trenbidearen saihesbidea egiteko plana ezagutu dute EAJren Madrilgo ordezkariek
Beasaingo eta Ordiziako EAJk gonbidatuta, Barandiaran diputatuak eta Vaquero senatariak trenbidea lekualdatzeko planak bertatik bertara ezagutu dituzte, Madrilen presio egiteko
Beasaingo eta Ordiziako trenbideko saihesbidearen planak ezagutzen izan ziren Iñigo Barandiaran eta Maribel Vaquero EAJtako ordezkariak pasa den astean, bi herrietako EAJko agintariek gonbidatuta. Barandiaran Espainiako kongresuko diputatua da eta Vaquero, Espainiako senataria. Euren posizioa baliatu nahi dute asmoak gauzatzearen alde presio egiteko.
Badira bi urte Madrilgo Sustapen Ministerioak CAF turnkey & engieering eta Esteyco konpainiei Ordizia-Beasaingo trenbide-saihesbidearen informazio-azterlana esleitu zienetik. Emaitzak ekainerako aurkeztu behar dituzte, beranduenera.
«Azterlana amaituta pausoak ematen jarraitu beharra dago saihesbidea gauzatzeko», esan dute EAJko ordezkariek. «Trenbidearen saihesbidea estrategikoa da bai ordiziarrentzat eta baita beasaindarrentzat ere, hirigintza ikuspegitik aukera ezin hobeak zabaltzen dizkielako bi herriei». Trenbidea lekualdatu egin nahi dute, «herria bitan zatitzen duen traba fisiko nagusia» delako. Zehazki, burdinbidea N-1 errepidearen albora eraman nahi dute, Beasaingo anbulatorioko inguruak eta Ordiziako San Bartolome auzoa herriguneetara txertatzeko.
Espazio berriek herriguneei hazteko aukera emango lieketela defendatzen dute jeltzaleek. Beasainen, esaterako, espazio berdeak, merkataritzarako, zerbitzuetarako, aisialdirako, etxebizitzetarako, kirolerako eta abarretarako lekuak egotea aurreikusten da. Baita ere geltoki intermodala eta N-1 errepidetik Beasainerako irteerak eta sarrerak hobetzea ere; Ordizian, berriz, «ordiziarren ongizaterako eta bizi-kalitatea hobetzeko espazioak sorrarazteko» aukerez hitz egiten dute.
Trenbide sarearen kudeaketa Espainiako Gobernuaren eskumena da, Sustapen ministerioarena. Jose Luis Abalos da egungo ministroa. Berea da lanak hasteko agindua emateko ardura. Beasaingo udal agintariak azken urteetan bildu dira Sustapen Ministerioko eta Adifeko arduradunekin, «burdinbide gunearen jabetza-eremua etorkizuneko hazkunderako integratzeak dakarren premia eta garrantzia azaltzeko». Lehenbailehen egiteko eskatu diete, «proiektu erabakigarriak» direla argudiatuta. «Saihesbidea gauzatzea Ordiziako eta Beasaingo EAJren lehentasunetako bat izan da eta da. Azken udal hauteskundeetako bere programako puntuetako bat zen».
Alor ekonomikoa
Beasaingo udal agintariak Adifeko iparraldeko ondare eta operazio arduradunekin ere bildu ziren, burdinbidea lekuz aldatzeko operazioaren bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko. Bileraren inguruko xehetasun gehiagorik ez dute esan.