Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian parte hartzera deitu du Urretxuko Udalak
Egitasmo honen helburua giza eskubideetan oinarritutako gizarte inklusiboa sortzea da. Urteko lehen bilera bihar egingo dute. Nahi duten urretxuar guztiek parte har dezakete
Urretxuko Udalak Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia elkartrukerako eta hausnarketarako gune irekia da. Bertan, tokiko administrazioak, bizilagunek, erakundeek eta elkarteek parte hartzen dute. Beraien helburua giza eskubideetan oinarritutako gizarte inklusiboa sortzea eta mantentzea da.
Herritarren foro horrek, kaleetako diskriminazioaren prebentzioan eta identifikazioan lan egiten du. Gainera, 2012tik aurrera desberdintasunean oinarritutako gizarte-kohesioa eta bizikidetza sustatzeko proiektuak bultzatzen ditu: Aniztasunaren Jaia (2013tik), Urretxun Bizi Gara harrera eskola (2014tik), Irakurketa Erraza Kluba (2018tik), Zurrumurruen Aurkako Estrategia (2018tik) eta SukaldAnitzak (2019tik).
Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia hilean behin elkartzen da: ostegun batean, 18:00etan, Aizpurunea kultur etxean. 2021erako zortzi bilera daude aurreikusita: bihar (otsailak 11), martxoaren 11n, maiatzaren 13an, ekainaren 10ean, irailaren 16an, urriaren 14an eta azaroaren 11n.
Izen-ematea
Bilerak ahal dela aurrez aurre egingo dira, une bakoitzean gomendatutako osasun neurriak kontuan hartuta (distantzia, maskara erabiliz, aireztapena, eskuak garbitu…). Formatu presentziala posible ez balitz, bilerak bideokonferentziaz egingo lirateke. Parte hartzeko, aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi behar da edo udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora jo. Horretaz gain, 943 03 80 83 telefono zenbakira deitu daiteke.
Pandemia garaian ere, Urretxuko Udalak inguruko aniztasuna ikusarazten eta aukera berdintasuna bultzatzen jarraitu nahi du. «Lan hori erronka komunitarioa da, eta gizarte inklusiboa sortzeko konpromisoa duten pertsona, erakunde eta elkarteen lan kolektiboa eskatzen du. Hori dela eta, nahi dutenek Mahaian elkartu eta bertatik koordinatu ahal izango dute», azaldu du Monica Leiva Mahaiaren dinamizatzaileak.
2020ko Mahaian, banaka parte hartu zuten herritarrez gain, honako hauek izan ziren ordezkariak: Urretxu-Zumarraga Ikastola, Gainzuri Ikastetxea, Gazte Bidean, Kale Hezitzaileak, Agifes, Alambique Etxea, Lanbide, Aspace, Zumalakarregi Museoa, Hotz Legazpi eta Cuidarte.
Leivak 2017an hartu zuen Mahaia dinamizatzeko ardura eta oso gustura dago lortutakoarekin. Pandemiak hainbat «diskriminazio ardatz» aktibatu dituela dio. «Mahaiaren erronka diskriminazio horiek identifikatzea eta gure dinamika egungo mugei egokitzea izango da. Gogoa eta sormena beharrezkoak izango ditugu».