«Esan daiteke COVID-19ari esker hasi nintzela margotzen»
Iturriozek erretratu errealistak egiten ditu arkatzarekin. Egunero bizpahiru ordu eginda, hiruzpalau egunetan prest izaten ditu irudiak. Eskuan argazki kamera duela dirudi.
Jurgi Iturrioz Lasak (Beasain, 1992) itxialdia baliatu du bere zaletasuna gehiago sakontzeko. Marrazten hasi zen, erretratuak bereziki, eta hilabete gutxira arrakasta handia lortu dute bere marrazkiek. Sakontzen jarraitu nahiko luke eta, aukera izango balu, erakusketaren bat zabaltzea gustatuko litzaioke.
Arkatza da zure lanabes nagusia.
Arkatzarekin gelditzen den bukaerako efektua gustatzen zait. Txuri-beltza beti gustatu izan zait. Gainera, arkatzaren abantaila nagusiena ezabatzeko errazagoa dela da. Errotulagailuekin ezabatzeko tipexarekin eta hasi beharra duzu. Pintzelarekin lan txikiak baino besterik ez ditut egin, egia esan.
Arkatz bakarra erabiltzen duzu?
Hamabost bat arkatz ditut, gogortasun desberdinekoak. Bakoitzak gehiago edo gutxiago markatzen du; gero, difuminatzeko tresna bereziak erabiltzen ditut, pintzelak ere bai grafitoa kentzeko…
Eta ezabagomak?
Saiatzen naiz ez erabiltzen, baina batzuetan beste erremediorik ez dago. Txuri efektuak lortzeko ere erabiltzen ditut. Ezabagoma desberdinak ditut baina ez dut arkatz bakoitzeko ezabagoma bat. Ohiko ezabagomak ditut, karratuak, eta beste batzuk zilindrikoagoak, finagoak baina luzeagoak. Horiekin errazago ezabatzen da.
Din A4 tamainako lanak egiten dituzu beti?
Egia esan, bateren bat egin dut din A3n ere. Eskaera bat jaso nuen eta handiagoa izatea nahi zuenez, hala egin nuen. Baina, printzipioz, din A4an egiten ditut lanak. Tamaina erosoa egiten zait: betidanik erabili dudan tamaina da eta ohituta nago; orri handiagoetan urrutiago gelditzen zaizkit ertzak, xehetasunak ere gehiago zaindu behar dira eta askoz ere denbora gehiago behar izaten dut; geroz eta txikiagoetan berriz, errealismoa lortzea zailagoa egiten zait.
Pentsatu duzu inoiz beste formaturen bat probatzea? Tamaina desberdinak, pintzelak…
Gauza berriak probatzeari ez diot uko egiten baina oraingoz hala jarraituko dut. Gainera, ikusi dut arkatzarekin egindako erretratuak jendeari gustatzen zaizkiola eta eskaera gehienak halakoak izaten direla.
Nola jasotzen dituzu eskariak?
@jurgi.jil da nire Instagram kontua eta bertatik egin daitezke eskariak, mezu pribatu bat idatzita. Bezeroari gustukoa duen argazki bat eskatzen diot, berdin dio txuri-beltzean edo koloretan izatea. Gero, argazki hori bezeroaren eskakizunetara egokitzen dut eta horren arabera marrazten dut.
Zenbat ordu behar izaten duzu marrazki bat amaitzeko?
Ez dakit, bost edo zortzi ordu, gutxi gorabehera. Ez nuke jakingo zehazki esaten. Ez dut inoiz hasi eta bukatu egiten, normalean separazio batekin joaten naiz.
Marrazki baten atzean dagoen lana grabatu egiten duzu eta sare sozialetan erakusten duzu.
Halako bideo horiekin jendeak ikusi egiten du prozesua eta gehiago baloratzen du. Egia esan, inguruko askok galdetu didate ea zenbat denbora behar izaten dudan lan bakoitzeko.
Nola uztartzen duzu egunerokotasuna eta marrazkigintza?
Marrazkigintza denbora-pasa da, azkenerako. Zortzi orduko lanaldia dut egunean eta lagunekin gelditzeko denbora hartzen dut. Nahi baino denbora gutxiago eskaintzen diot baina egunero pare bat ordu hartzen ditut, gutxienez, marrazteko. Lehen esan bezala ez ditut inoiz segidan egiten erretratuak baina egunero eskaintzen diet denbora apur bat.
Marrazkigintza lana bihurtzea gustatuko litzaizuke?
Oraingoz gustura nago: marrazteko denbora dut eta lanean ere gustura nago. Gainera, oso zaila ikusten dut honetaz bizi ahal izatea. Halere, ez dut baztertzen aukera sortzen bada, marraztea gustatzen zaidalako eta txikitatik egiten dudalako.
Eta erakusketarik?
Ez dut baztertzen. Halere, oraindik hasiberria naiz eta ez dakit oso ondo zer egin behar den nire lanak jendaurrean erakusteko.
Nola marrazten duzu? Non?
Etxean mahai handi bat dugu eta hor marrazten dut. Material guztiak txukun mahai gainean eskura edukitzeko tokia dut hala. Beti, musikarekin, isiltasuna ez zait gustatzen. Musikak ez dakit inspiratu egiten nauen, baina argitu behintzat bai. Erlaxatu egiten nau.
Musika kutunik baduzu?
Spotifyko kontuarekin edozein karpeta hartu eta edozer entzuten dut, ausaz.
Tokatzen den musikaren arabera desberdin margotzen duzu? Musika lasaia bada kolore apalagoekin egiten duzu musika bizia bada baino?
Ez, lehenago erabakitzen dut zer margotuko dudan eta gero jartzen dut musika. Baina esandakoa, edozein musika jartzen dut.
Nondik datorkizu marrazteko zaletasuna?
Egia esan, txikitatik gustatu izan zait marraztea. Beno, eskulanak orokorrean. Nahiko ondo moldatu izan naiz. Baino serioxeago konfinamendu garaian hasi nintzen. Azkenean, etxe barruan egon beste erremediorik ez genuen eta marraztea gustatzen zaidanez, horretan igarotzen nuen denbora.
Itxialdiak ere izan dituela alde positiboak.
Esan daiteke COVID-19ari esker hasi nintzela margotzen.
Urtebete inguru pasa da gutxi gorabehera. Egunero pare bat ordu eskainita, aldea nabaritzen da?
Bai, nik nabaritzen dut. Eta jendeak ere esaten dit nabari dela aldea hasierako eta oraingo erretratuen artean. Azkenean, praktikak asko egiten du.
Zerk inspiratzen zaitu?
Gehienbat erretratu errealistak egiten ditut. Arrebaren erretratu batekin hasi nintzen, eta asko gustatu zitzaionez horrekin jarraitu dut. Interneteko tutorialak ikusiz joan naiz hobetzen.
Baina esan duzu txikitatik marrazten duzula. Betidanik egin dituzu erretratuak?
Ez, denetik marrazten nuen. Momentuan burura etortzen zitzaidana marrazten nuen. Animaliak ere marrazten ditut.
Badago inor erretratatzea gustatuko litzaizukeenik?
Egia esan, orain arte egin ditudan erretratuak nahi ditudalako egin ditut. Beraz, gustura nago. Bat aukeratzekotan, bereziena edo, arrebarena esango nuke. Bere urtebetetze egunerako egin nuen eta asko gustatu zitzaidan egitea; amari ere aitonaren marrazki bat egin nion, hau koloretan. Ez zuenez espero ilusio handia egin zion. Bestelakoan, ez dut idolo berezirik.