Nikel emisioen ondoriozko neurketetan, «emaitzak onak»
Zaldibian eta Ordizian industriako jatorria zuen aireko nikel kutsadura gehiegizkoaren aferan, hartutako neurrien eta egindako azterketen emaitzen aurrerapena eman dute bi udalek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin ostegunean bilera telematikoa izan zuten bi herrietako agintariek. Neurketen emaitzen txostena atera zain bi-hiru astera aterako du Osasun Sailak, «emaitzak onak» eman dituela aurreratu zuten atzo Ordiziako eta Zaldibiako udalek.
«Eusko Jaurlaritzak eta isurien sortzaile izan diren enpresek hartutako neurriak azaldu dizkigute. Hasiera batean foko bat zegoen atzemanda Ordizian. Hor neurriak hartu, eta parametroen maila jaistea lortu bazen ere, ez zen arazoa konpondu. Beraz, beste foko bat egon zitekeela ondorioztatu zen. Zaldibian topatu zen hau. Arazoaren jatorria identifikatu zen, eta hori konpontzeko neurriak hartu ziren 2020an zehar», argitu dute bi udalek, ohar bateratuan.
Jarraipena egiteko eskaria
Neurketen azterketaren emaitzek, udalen arabera, ondorioztatu dute nikela urteko batez besteko 20ko langaren azpitik kokatu dela. «Poztasuna» agertu dute Goierriko bi erakundeek. Hala eta guztiz, metal astunen aireko kutsadura saihesteko, gaiari jarraipena «ezinbesteko» dela ulertu dute, eta Osasun Sailari jarraipen zorrotza egiteko eskatu diote.
Zaldibian, airearen kalitatea une oro neurtzeko bi neurgailu jarri zituzten. Gaintzako bidegurutzekoa azaroan kendu zuten, eta Lardizabal eskola aurrean dagoena ere eramateko asmoa aurreratu du Osasun Sailak. Udalak irail-abendu bitartera arte mantentzeko eskatu dio, «airearen kalitaterako hilabete txarrenetan».
Nikelaren kutsadura «hainbat prozesu industrialetan aurreikusi gabeko isurketak» izan zirela eta, antzeko prozesuetan neurri berak hartu beharra ere ikusi dute udalek. Txostena jasotakotan, eskuragarri ipiniko dute.













