Ostalariei eman diete arrazoia
EAEko Auzitegi Nagusiak ostalarien helegitea onartu du eta eremu gorrian dauden udalerrietan ostalaritzak irekitzeko baimena dute gaurtik. Tabernariak «pozik» daude lan egin ahal izango dutelako, baina «kezka» ere agertu dute, egoeragatik.
Intzidentzia tasa altuagatik eremu gorrian dauden herrietan ere ostalaritza establezimenduek irekitzeko baimena dute. Hori da EAEko Auzitegi Nagusiak atzo ebatzi zuena, ostalarien elkarteek jarritako helegite baten ondorioz. Lau orduz bilduta egon eta gero, eguerdi partean, ostalariak hiriburuetan protestak egiten ari ziren bitartean, jakinarazi zen erabakia. Ostalariek «pozez, baina konfiantza ezarekin» hartu dute albistea.
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ostalariek Jaurlaritzak agindutako azken neurrien aurkako helegitea jarri zuten iragan astean, eremu gorrian dauden herrietan ostalaritza establezimenduak ixteko agindua «neurrigabea» dela iritzita. Ostalariek salatu zuten, Gabonen ondorenean izan zen kutsatuen gorakada, ez zegoela ostalaritzarekin lotuta. Ixteko agindu horren aurrean, auzitara jo eta eskatu zuten behin betiko erabakia hartu bitartean, agindua bertan behera uzteko.
Atzo, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien ostalariei. Auzitegiak argudiatu du, «ez dagoela garbi» azken asteetako kutsatzeak ostalaritza establezimenduetan gertatu diren, eta egungo baldintzetan ostalaritza irekitzea ez dela «arriskutsua» osasun publikoarentzat.
Ebazpena emateko, epidemiologo adituen iritziak hartu dituzte kontuan. Baita, eta batez ere, Osasun Sailaren intzidentzia txostena; abenduaren 27an egin dute azpimarra. Egun horretan eman baitzen intzidentzia tasarik «baxuena». Ordurako «ostalaritzak 15 egun zeramatzan irekita». Kontuan hartu dute baita ere, ordurako hainbat neurri malgutu zituztela; joan-etorriei lotutakoak, eta Gabonetan espazio pribatuetan senideekin biltzeko aukera zabalduz. Ebazpenak dio, «topaketa horiek, epidemiologoen parte handi baten arabera, kutsatzeen %80 inguru eragin ditzakete».
Gauzak horrela, atzotik, eremu gorrian dauden herrietan ere ostalaritza irekitzeko baimena dago. Hori bai, ordutegiari eta aforoari dagozkien neurriek indarrean jarraitzen dute: 20:00etan itxi beharko dute; edukiera erdira murriztea; mahaietan eserita dauden pertsonen arteko distantziak bermatzea; mahai bakoitzeko lau pertsona esertzea gehienez; eta barran ez kontsumitzea.
Erabakia, baina, ez da behin betikoa, eta Eusko Jaurlaritza alegazioak aurkezten hasi da, bost eguneko epea du. Jaurlaritzak uste du, ostalaritza itxita egon den bitartean «kutsatzeek behera» egin dutela.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea prentsaurreko batean harrapatu zuen albisteak. Auzitegiaren erabakiaren inguruan balorazio zehatzik ez zuen egin, baina adierazi zuen, Jaurlaritzak erabakiak hartzeko dituen ahalmenen inguruko eztabaida mahai gainean jartzen duela, beste behin ere.
Erreakzioak
Albistea jakin bezain pronto, Goierriko hainbat ostalarirekin harremanetan jarri zen GOIERRIKO HITZA. Aitor Urreta Beasaingo Erronka tabernako arduraduna «shock egoeran» zegoen, «ez dut sinisten hau dena, oso arraroa da!». Hainbeste denboraren ondoren, «orain guri arrazoia eman,…zer gertatu da?». Denbora «oso luzez» egon da ostalaritza itxita, «bidean ostalaritza establezimendu asko itxi» dira, «bere buruaz beste egin duenik ere bada…». Gehiago ere esan du, «inpotentzia handia sentitzen dut, haserrea, nazka,… Hau ez da txanpan botila ireki eta ospatzen hasteko albistea, ez!».
Felix Huzik ere Beasainen du taberna, Plazape, herrigunean dagoena. Huizik adierazi du «batetik pozik» dagoela, «tabernak irekita egoteak lanean jarraitu ahal izatea esan nahi duelako». Dena den «kezka» agertu du. Gogoratu du Beasainen 80 egunez egon dela ostalaritza itxita. Herri askotan ere hori dela sektoreak bizi izan duen errealitatea. «Oso arraroa» dela hiriburuak eremu gorrian sartu direnean, «orduan iristea ostalarien helegitearen onarpena».
Bestalde, errepikatu du «ostalaritza begiz jota» dutela agintariek: «Garraio publikoan, merkatal zentro handietan,…ostalaritzan agindu diren neurri gogorrak ez dira agindu, zergatik?». Jaurlaritzarentzat «arazoa konpontzeko irtenbide bakarra ostalaritza ixtea» izan dela dio, baina «ostalaritza arazoa ez» dela erakutsi dela. Beasainen hain konkretuki, ostalaritza itxita egon den bitartean ere kasuek gora egin dutela.
Bukatzeko salatu du, egoera ekonomiko larrian daudela: «Laguntzak ez dira iristen! Iragan maiatzean eskatu nuen laguntza, duela hiru aste jaso nuen, hori ezin da onartu!». Bukatzeko esan du, «pasatakoagatik, kalte ordainak» eskatuko dituela.