Ahalduntze ekonomikoa, emakumeengandik emakumeentzat
Emakumeen ahalduntze ekonomikorako estrategiak landuko dituzte bihar, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan. Migratzaileen ikuspegitik jorratuko dute
Emakumeen ahalduntze ekonomikorako eta parte-hartzerako aukerak eta estrategiak landuko dituzte bihar Beasaingo udaletxeko batzar aretoan, 18:30etik aurrera. Edukiera arazorik izan ez dadin, aldez aurretik izena eman behar da Jatorkin elkartearekin harremanetan jarrita.
Beraiek antolatu dute jardunaldi feminista hau. Magrebtar etorkinen integrazioaren alde egiten duen elkarte bat izanik, hitzaldiak migratzaileen ikuspegitik eraikiko dira baina edonori zabaldutako deialdia egin dute antolatzaileek.
Maialen Aginagalde eta Karina Perla izango dira hizlariak. Aginagalde Mugarik gabeko ekonomialariak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeko kidea da. «Egitura ekonomiko eta sozialetan aldaketak eragiten laguntzea da gure helburua, justuagoak eta solidarioagoak izan daitezen», diote. Perla, berriz, ekintzailea da, Estudio 14 arte eta diseinu espazioa aurrera atera baitu. Jantzi eta osagarriak egiten ditu, Janire Roman eta Mirari Aranburu kideekin batera. Emakumeei euren abileziak garatzeko aukera ematen dietela diote arduradunek.
Ekimenak Beasaingo Udalaren babesa du. Berdintasun sailak Beasain parekide egitasmoa martxan jarri zuen berdintasuna bermatzeko eta antolakuntza lanetan lagundu dute.
TOPAKETA FEMINISTA
· Izena emateko: Telefonoz, 943 50 77 47. Posta elektronikoz, jatorkin@hotmail.es.