Aizkorriko hartza ez da herrira jaitsiko aurten
'Hartzaren esnaera' festa bertan behera geratu da pandemia dela eta. Bihar ez da jai girorik izango Seguran, ezta hartzik ez uxatzailerik ere. 2003an Elorri elkarteak berreskuratutako jaia da.
Segurako hartzaren esnaera ere bertan behera geratu da aurten pandemia egoera dela eta. Inauterietako ostiral arratsaldean jaitsi ohi da Aizkorritik herrira, eta segurarrek harrera egin ohi diete hartzari, hartzazainari eta uxatzaileei txistulari, trikitilari eta dantzarien laguntzaz. Aurten esnatzear izango da, baina ez da Segurara joango urtero bezala.
Elorri elkarteak berreskuratu zuen Hartzaren Esnaera duela 18 urte. Joseba Telleria Elorriko kideak azaldu duenez, 1936ko gerraren ondoren, Francoren diktadurak inauteriak ospatzea debekatu zuen, Tolosan izan ezik, eta ordutik galduta egon zen ohitura zaharra: «2003tik urtero egin dugu eta aurten lehenengo aldia da bertan behera geratu dela». Festa giroa denez nagusi, argi izan dute erabakia hartzerakoan.
Dokumentazio lana egin zuten Elorri elkartekoek festa berreskuratzeko: «Batez ere festa ezagutu zutenekin hitz egin eta zuzeneko informazioa eskatzea izan zen lana», azaldu du Telleriak. Diktadura aurreko urteetan inauterietako asteartean ospatu ohi zuten Hartzaren Esnaera, eta mozorroez gain, eskea ere egin ohi zuten. Gaur egun, berriz, ostiralean izaten da, eta kalez kale ibiltzen dira alde batetik bestera korrika uxatzaileak eta hartza, herritarren atzetik. Aizkorritik jaitsi eta Aizkorriratzea ere festa berreskuratzearekin batera ezarri zuten, Segura mendizerraren magalean dagoenez, haitzuloa bertan izango baitu hartzak.
Errotutako festa
Inauterien baitako ekintza izateaz gain, hartzaren esnaera eta naturaren esnaera estuki lotuta daude. Hartzak hibernatu egiten du neguan, eta haren esnaerak neguaren amaiera islatzen du. Segurarren artean errotuta dagoen eguna izaten da. Gazte zein helduek hartzen dute parte eta plaza beteta izaten da hartzari harrera egiteko. Hartzaren eta uxatzaileen lana ere herritar gazten artean banatzen dute: «Lan fisikoa denez, aldatuz joaten dira». Bihar ez dute ospakizunik izango. Datorren urteko inauteriak arte itxaron beharko du hartzak Segurara jaisteko.