Aspaceko gurasoak Beasaingo Udalarekin bildu dira Dolareako lanen berri izateko
Aspaceko gurasoek jolas-azpiegitura egokituak jartzeko aukera azter dezaten eskatu diete agintariei. Hauek eskaera kontuan hartuko dutela hitzeman diete
Aspeceko gurasoek Dolarea parkean egingo dituzten aldaketak bertatik bertara ezagutu dituzte. Itziar Jimenezek eta Alaitz Imazek parkearen birmoldaketaren nondik norakoak jaso dituzte Leire Artola alkatearen eta Adur Ugartemendia hirigintza arloko arduradunaren eskutik.
Aspaceko egoitza Dolarearen alboan egonik, elkarteko erabiltzaileek egoitzatik irten eta aire zabaleko jarduerak egin ahalko dituzte. Horretarako, baina, erabat irisgarria izango dela egiaztatu nahi zuten gurasoek. Oria ibaiaren pasealekutik arrapala irisgarri bat eraikiko dute. Igartzako Monumentu Multzotik gertuagoa egongo da hala, gainera. Berdeguneak ere berdindu egingo dituzte eta, zoladudaren eta belardien arteko erabilera optimizatzeko.
Dolareak, egun, hainbat oztopo arkitektoniko ditu: eskilarak, apurtutako zorua… gainera, Igartza Oletako ardatzari bizkarra emanez dago. “Aldea nabaria izango da”, diote udaletik.
Aspaceko gurasoek jolas-azpiegitura egokituak jartzeko aukera azter dezaten eskatu diete agintariei. Hauek eskaera kontuan hartuko dutela hitzeman diete. Dolareako parkea berritzeko gidalerroak aurreko legealdian egindako herritarren partaidetzarako programatik abiatuta garatu dira.