Bilore lantegiaren ikurra zen depositua bota dute
Zaldibiako xaboi fabrika eraisteko lanetan ari dira, eta gaur, Biloreren ikono nagusia zen lantegiaren gaineko depositua bota dute, hondeamakinak erabilita.
Duela bi aste hasi zituzten Zaldibiako Bilore xaboi fabrika eraisteko lanak, eta gaur, lantegiaren irudi nagusia zen gainkaldeko depositua bota dute. Herri sarreratik ikus zitekeen, lantegiaren txapel edo gandorra, Bilore izena zeramana. Izan ere, lantegiko eraikinaren gailurrean zegoen kokatuta. Altzairuzko tanga handia zen, xaboia biltegiratzeko erabiltzen zena.
Goiz osoa deposituaren hankak ebakitzen eta eraisketa prestatzen aritu dira, eta azkenean, 13:15ean lurreratu dute dorrea. Hondeamakinek lagunduta bota dute, eta hauts handia atera du lurreratu denean.
Bilore lantegia 2003. urtean itxi zuten. 2018an enkante publikora atera zuten orubea, eta Mugertza enpresak erosi zuen. Lantegia barrutik husteko eta hondakinak ateratzeko hainbat lan egin dituzte geroztik, baina iazko uztailean lortu zuten eraikina eraisteko baimena, Eusko Jaurlaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren oniritzia jaso eta gero.
Bilore egondako industrialdeak 23.000 metro koadro du, eta hogei-bat pabiloik eta bulego-eraikinek osatzen zuten. Asko hauts bihurtuta daude dagoeneko. Zementuzko eta adreiluzko eraikinak geratzen dira oraindik. Bertan, industria arina eta hainbat etxebizitza egiteko asmoa du udalak.