Igartza Literatura Bekaren 24. edizioa abian da, behin oinarriak oinarriak onartuta
Udalbatzak aho batez onartu ditu bekaren inguruko oinarriak. Proiektuak ekainaren 30erako aurkeztu behar dira; udazkenean jakingo da nor den irabazlea. 6.000 euroko laguntza jasoko du
Igartza literatura sorkuntza bekak 24. edizioa ere izango du. Beasaingo Udalak euskal kultura zabaltzen eta idazle gazteen lanari laguntza ematen jarraituko du hala, CAF enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin. Azken udalbatzan aho batez onartu zituzten bekaren inguruko oinarriak.
Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jasoko da orain. Tramite hori gainditutakoan, lanak bidal ahalko dira. Ekainaren 30a izango da azken eguna. Proiektuak Beasaingo udaletxean entregatu beharko dira, formatu fisikoan edo bulego birtuala erabilita. Parte hartzaileek 35 urte baino gutxiago izan beharko dute eta aurretiaz helduentzako bi lan baino gutxiago izan beharko dituzte argitaratuak. Igartza bekaren irabazleek ezingo dute errepikatu; narratibako lanak izan behar dira, eleberriak edo ipuin-bildumak. Euskaraz idatziak izan behar dira eta jatorrizkoak, baztertu egingo baitira aurretiaz publikatutako lanak.
Garailea udazkenean jakinaraziko da. 6.000 euroko laguntza jasoko du: erdiakidazten hasi aurretik jasoko du eta beste erdia lana entregatutakoan eta epaimahaikoek onespena emandakoan. CAFek 4.000 euroko ekarpena egin du eta Beasaingo Udalak eta Elkarrek, bakoitzak, 1.000 eurokoa. Epaimahaiak iritziz gero lan bakar batek ere ez duela maila nahikorik, beka eman gabe geratuko da.
Goikoetxea, hurrengoa
Sekula ez da gertatu halakorik. Igartza literatura beka irabazi duten gazte asko etorkizunean idazle handiak bilakatu dira: Uxue Alberdi, Garazi Kamio eta Kattalin Miner, besteak beste. Iazko edizioa Maddi Ane Txoperenak irabazi zuen, Ez erran inori lanarekin. Orain idazlana osatzeko lanetan dabil, datorren urteko udaberrian kalean izan dadin. Irati Goikoetxea da aurten liburua argitaratuko duena. Ondo bidean, datozen asteetan argitaratuko du.
Herriak ez du barkatuko da bere lanaren izenburua. ETAk aita hil zion Oihana da eleberriko protagonista. Katti alabak egiten dizkion galderak tarteko min hori berridentifikatzen hasi da eta konturatuko da zerbait egin nahi duela hain suntsigarria den min horrekin.
OINARRIAK
· Bekaren kopurua. 6.000 euro: CAFek, 4.000 euro; BeasaingoUdalak, 1.000 euro; Elkar argita-letxeak, 1.000.
· Ordainketa. 3.000 euro izendatua izatean eta beste 3.000 euro lana entregatzerakoan.
· Aurkezteko epea. Uztailaren 1a baino lehen entregatu behar dira proposamenak. Udaletxean entregatu behar dira lanak, formatu fisikoan edo erregistro elektronikoan.
· Eskaerarekin batera argitaratu beharreko agiriak. Landu nahi duen kontakizunaren azalpena; idazlanaren lagina; eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia.
· Parte hartzeko baldintzak. 35 urte bete gabe izatea; aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea; aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea; narratibako lanak izatea: eleberria edo ipuin-bildumak; eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.